Ostegunean emango zaio hasiera 2023ko hondartzako denboraldiari
2023ko ekainaren 13aEgun gutxi falta dira 2023ko hondartzako denboraldiari hasiera emateko: ekainaren 15ean ekingo zaio denboraldiari. Aurten, iazko normaltasunari jarraipena emanez, zerbitzuak mantentzeaz gain, batzuk hobetu egingo dira.
Sorospen zerbitzuari dagokionez, uda guztian eta ohiko ordutegian izango da:
- Ekaina eta iraila: 11:00 - 19:00
- Uztaila eta abuztua: 10:30 – 20:00
Gainera, aipatutako ordutegi horretan lagundutako bainua zerbitzua erabiltzeko aukera izango dute hura eskatzen dutenek.
Toldo eta etzaulkien zerbitzua ere eskainiko da. Toldo batzuk mugikortasun murritza duten pertsonentzako bideratuko dira, hondartza erdiko pasarelatik bi aldeetan daudenak zehazki. “Iaz proba bezala jarri ziren bost bat toldo, eta harrera ezin hobea izan zutenez, aurten toldo gehiago jarriko dira”, agertu du Gilen Garcia Debako alkateak. Kardenas pasealekuan dagoen egurrezko etxolan izango du harrera, eta aulkien gordailua ere emango dute.
Bestetik, hondartzako aldagelak hondartzako ordutegian irekita egongo dira. Bertan, harrerako zerbitzua eskainiko da, eta aldagelen eta armairuen kudeaketa eta kontrola eskainiko da.
Bestalde, ohiko zerbitzuak ere izango dira aurten:
- Hondartzako ohiko dutxak eta oinak garbitzekoak.
- Megafonia, zaintza-dorrea, pasarelak, asistentzia etxola…
- Uretako kirol-guneak.
- Lehorreko kirol-gunea. “Bertan ezarriko dira boleiboleko sareak, baina, baliteke hauen kokapena aldatzea”.
- Uda Kiroletako jarduera desberdinak: surfa, padela, skate…
Kerik gabe
Debakoa kerik gabeko hondartza da, Udalak Eusko Jaurlaritzako Osasun Publikoko sentsibilizazio kanpainarekin bat egin ondoren. Guztira, 19 hondartzek parte hartzen dute kanpainan, eta hondartzako eremua kerik gabe mantentzea da helburua.
Bi asmo nagusi ditu kanpainak:
- Hondartzako erabiltzaileen artean ohitura osasungarriak sustatzea.
- Zigarrokinek dituzten konposatu kimikoek eragindako kutsadura saihestea.
Hala, horretarako hondartzako hainbat sarreretan kerik gabeko eremua dela gogorazten duten kartelak jarriko dira.