Pantalan berria du Debak

2015ko ekainaren 5aPantalan berria du Debak

Pantalan berri honi esker Euskal Kostaldeko Geoparkeko itsas-irteeretan parte hartzen duten bisitariek Deban ontziratzeko eta lehorreratzeko aukera izango dute. Aldiberean, jarduera turistikoa suspertu nahi da herrian. Azpiegitura hau Debako Udalaren ekimena izan da eta Eusko Jaurlaritzako Portu Zuzendaritzak finantzatu du. Laster inauguratuko da, lanak erabat amaitutakoan.

Duela 2 urte, gutxi gorabehera, Debako Udalak, Euskal Kostaldeko Geoparkeko Zuzendaritza Batzordearen babesarekin, Eusko Jaurlaritzako Garraio Azpiegitura Zuzendaritzari Deban pantalan berria jartzea eskatu zion, herrian promozio turistikoaren sustapenerako bide berriak irekitzeko helburuarekin.

Txostena Debegesa eskualdeko garapen agentziak egin zuen. Hain zuzen, Debegesa izan da proiektuaren jarraipena egin duena. Txosten honetan nabarmentzen zen Geoparkeko bisitak itsasontziz egiten dituzten bisitariak ontziratzeko eta lehorreratzeko puntu bat behar zuela Debak. Txosten berean, halaber, aipatzen zen pantalanak itsas-salbamendurako beharrei erantzuna eman ziezaiekeela.

Debako Udalaren eskaeratik abiatuta, Garraio Azpiegitura Zuzendaritza azpiegitura berri hau Deban eraikitzeko soluzio egokienaren bila hasi zen. Izan ere, Deba ibaiak dituen ezaugarriek baldintzatu dute pantalan berriaren ezaugarriak eta kokapena. Ibaiak sakonera mugatua du eta barne-astintze handia du. Barne-astintze hori dela eta, pantalana desmuntatu beharra dago neguko hilabeteetan, hori dela eta, kabrestante bat jarriko da operazio hau errazagoa izan dadin. 

Debak badu dagoeneko pantalan berria. Eusko Jaurlaritzako Portu Zuzendaritzak egin du diseinua eta ordainketa osoa. Aurreikuspenen arabera, laster egongo da martxan pantalana, lanak amaitutakoan.

Pantalanaren instalazioa Amilibia enpresak egin du. 70.000 euroko kostua izan du (BEZ barne), pantalana, baranda eta atea barne.

Gogoratu behar da, Geoparkean, besteak beste, geoturismoa bultzatu nahi da, eta zehazki, bertako ondare natural, kultural  eta geologikoa deskubritzera, dibulgatzera eta disfrutatzera bideratuta dauden esperientzia, jarduera eta bisita gidatuak sustatu nahi dira.

Zalantza gabe, flyscheko itsaslabarrak dira Euskal Kostaldeko Geoparkeko erakargarritasunik handiena eta arrakasta gehien duten bisitak itsasontziz egiten direnak dira, Deba, Mutriku eta Zumaiako kostaldea deskubrituz.

Urtetik urtera gero eta gehiago dira Geoparkera hurbiltzen diren bisitariak eta 2014an 6.500 bisitari baino gehiagok hartu zuten parte eskainitako bisita gidatuetan. 

Bisitarien joan-etorria handia da eta honek ahalbidetzen du Geoparkea osatzen duten hiru herrietan eragin ekonomiko eta turistiko garrantzitsua.

Pantalan berriari esker Debarentzat aukera berriak irekiko dira, eta asmoa da itsasoz gero eta bisita gehiago erakartzea herrira.

Datozen egunetan Debako Udalaren eta Garraio Azpiegitura Zuzendaritzaren arteko akordioak itxiko dira eta pantalanaren funtzionamendua eta kudeaketa zein mantenu lanak zehaztuko dira.