Pertsonak eta komunitatea ardatz dituen Zaintza Ekosistemaren lanketan jarraitzen du Debak

2026ko maiatzaren 28aPertsonak eta komunitatea ardatz dituen Zaintza Ekosistemaren lanketan jarraitzen du Debak

Atzo arratsaldean herritarrei zuzenduriko saio irekia egin zen, aurrerapenak partekatzeko eta Zaintza Ekosistemaren hurrengo urratsak zehazteko. Gobernu taldeak bultzatutako proiektu honek arreta zerbitzuen koordinazioa indartu eta laguntza komunitarioko sarea indartzea ditu helburu.

Debako Udalak aurrera egiten jarraitzen du herriko Zaintza Ekosistemaren garapenean. Proiektu estrategiko horren helburua da arreta integrala eskainiko duen zaintza eredu bat sortzea, pertsonak ardatz hartuta eta zerbitzu publiko-pribatuen, profesionalen eta sare komunitarioen arteko koordinazioan oinarritua.

2024an martxan jarri zenetik, osasun-profesionalekin, gizarte-zerbitzuekin, tokiko elkarteekin eta herritarrekin lan egin da modu parte-hartzailean, diagnostiko-saioen eta talde operatiboen bidez. Ikuspegi horri esker, beharrak identifikatu, baliabideak optimizatu eta zaintza-sistema iraunkor eta udalerriaren errealitatera egokitutako ereduaren oinarriak ezarri ahal izan dira.

Debako Zaintza Ekosistemaren hurrengo urratsak

Hemendik aurrera, proiektuaren fase berriak garatzen jarraituko da, Bitar Basken eskutik, estrategiari eta laguntza sarearen indartzeari jarraipena emanez. Hala, aurrerantzean ere proiektuak hainbat ekintza estrategikoren bidez sendotuko da:

  • Zerbitzuen arteko koordinazioa indartzea: Gizarte, osasun eta komunitate zerbitzuen integrazioan lan egingo da, laguntza behar dutenentzako arreta eraginkorragoa eta jarraiagoa bilatuz.

  • Herritarren parte-hartzea bultzatzea: Herritarren inplikazioa mantenduko da elkarrizketarako guneen, tailerren eta kontsulta irekien bidez, komunitatearen proposamenak eta beharrak jasotzeko.

  • Zaintza-ereduen berrikuntza: Irtenbide berriak aztertuko dira, zaintzaileei laguntzeko estrategiak, prebentzio-programak eta zainketen kudeaketa eta jarraipena erraztuko duten ekimenak barne.

  • Prestakuntza eta gaikuntza: Profesionalentzako eta zaintzaileentzako prestakuntza-jarduerak jarriko dira abian, arreta integralean gaitasunak indartzeko eta jardunbide egokiak partekatzeko.

  • Ereduaren ebaluazioa eta doikuntza: Aurrerapenen etengabeko jarraipena egingo da, estrategiak eta proiektuak azaleratzen ari diren premien arabera hori egokituz, Debako zainketa-ereduaren etengabeko hobekuntza bermatzeko. 

Erantzunkidetasunean eta komunitatean oinarritutako zaintza eredua 

“Deban pertsonen ongizatea erdigunean jarriko duen herri ereduan sinesten dugu, elkarlanean eta komunitatearen indarrean oinarritutako ereduan. Horregatik, zaintzak guztion ardura eta konpromisoa izatea nahi dugu”, adierazi zuen Alazne Txurruka alkateak.

Atzo egindako jardunaldi irekia baliagarria izan zen herritarrei orain arte egindako aurrerapenak azaltzeko, ekarpenak jasotzeko eta hurrengo urratsak zehazteko, proiektua udalerriaren lehentasunekin eta komunitatearen itxaropenekin lerrokatuz.

Ekimen honekin, Deba zaintza integralaren eta parte-hartzailearen eredu baten eraikuntzan erreferente gisa kokatzen da, pertsonak erdigunean jarriz eta lotura sozialak indartuz, biztanle guztientzako etorkizun seguruagoa eta jasangarriagoa eraikitzeko.