Protokolo berria Debako hondartzan eraso sexistak saihesteko eta horien aurrean jarduteko
2025ko uztailaren 11aHelburua argia da: hondartza eta Deba, oro har, indarkeriarik gabeko espazio seguruak izatea pertsona guztientzat. Protokoloak bi helburu nagusi ditu: batetik, arazo hori aisialdirako guneetan, esateko hondartzan, ere gertatzen dela ikusgai jarri eta sentsibilizatzea; eta bestetik, sorosleentzako jarduteko jarraibide argiak eskaintzea.
Debako Udalak hondartzarako protokolo espezifiko bat jarri du abian, gerta daitezkeen eraso sexistak prebenitzeko eta horien aurrean modu egokian jarduteko.
Uda garaian aisialdirako gunea da hondartza, baina, zoritxarrez, indarkeria sexistako egoerak antzeman izan dira. Askotan zaila izaten da halako kasuen aurrean nola erantzun jakitea, eta iaz erabaki zen protokolo hori garatzea, sorosle taldeak berak adierazitako kezkaren ondoren. Erasoak askotarikoak izan daitezke: hitz desegokiak, espazio pertsonalaren inbasioa edo eraso fisikoak. Horregatik, helburua argia da: hondartza eta Deba, oro har, pertsona guztientzako gune seguru eta indarkeriarik gabekoak izatea.
Protokoloak bi helburu nagusi ditu: batetik, arazo hori aisialdiko guneetan ere gertatzen dela ikusgai jarri eta horren inguruan sentsibilizazioa sustatzea, eta bestetik, sorosleentzako jarduteko jarraibide argiak eskaintzea.
Dokumentua prestatu aurretik, beste udalerri batzuetako esperientziak berrikusi ziren, baina ez zen aurkitu hondartzako sorosleei zuzendutako protokolo espezifikorik, Deban behar zen moduan behintzat. Horregatik, tokiko errealitatera egokitutako dokumentu hau sortzea erabaki zen, gaueko aisialdiko edo jai herrikoietako beste testuinguru batzuetarako diseinatutako protokoloak oinarritzat hartuta.
Protokoloak hondartzan eraso sexista baten aurrean nola jokatu zehazten du:
Erasotuari galdetu ea laguntza behar duen.
Espazio seguru eta lasaia eskaini, enpatiaz hitz egin eta entzuna izan dadin.
Eskura dauden baliabideei buruzko informazioa eman eta biktimaren erabakia errespetatu.
Argi utzi erasotzaileari Deban ez dela halako jokabiderik onartzen.
Udaltzaingoari abisua eman eta udal arduradunei jakinarazi.
Sentsibilizazio eta prebentzio estrategiaren baitan, protokoloa jasotzen duen kartela ezarriko da sorosleen etxolan, langileek jarduteko jarraibideak eta larrialdietarako harremanetarako telefonoak kontuan izan ditzaten. Horrez gain, hondartzako bozgorailuetatik goizez eta arratsaldez "Deban eraso sexistarik ez, No a las agresiones sexistas en Deba" entzungo da.
Ekimen honen bidez, Debako Udalak pertsona guztien berdintasunarekin eta segurtasunarekin duen konpromisoa berretsi nahi du, herritarrak indarkeria matxistarik gabeko ingurune bat eraikitzen inplikatzera gonbidatuz.