Robotika tailerrak Debabarrenean

2017ko ekainaren 29aRobotika tailerrak Debabarrenean

Aurtengo udarako robotika tailerrak antolatu dituzte eskualdeko udalek, Debegesaren laguntzarekin. Egitasmo honen helburua Debabarreneko haur eta gazteen artean zientzia, teknologia, ingeniaritza, artea eta matematikarekiko interesa piztea da. Interesatuek www.gazterobotika.eus webgunean eman dezakete izena.

Debako Udalak ere herriko haur eta gaztetxoen artean bokazio teknikoen sustapenaren aldeko apustuaren baitan, robotika tailerra antolatu du uda honetarako. Gazterobotika izena duen hezkuntza-egitasmo honen helburua da haur eta gazteen artean zientzia, teknologia, ingeniaritza, artea eta matematikarekiko interesa piztea.

20 orduko tailerrak dira, 5 goizetan banaturik, eta 2001 eta 2009 urteen artean jaiotako haur eta gazteei daude zuzenduta. Talde lana sustatuz, gaztetxoek euren robotak eraiki eta programatuko dituzte; teknologiarekin ikasi, jolastu eta ondo pasatzeko aukera izango dute. Robotikaren mundua ezagutzeaz gainera, bideojokoak sortzen ere irakatsiko zaie. Tailerrak euskaraz egingo dira eta Doplay enpresak emango ditu.

Deban uztailaren 10etik 14ra bitartean egingo da ikastaroa, goizeko 9:30etik 13:30era eta bertan parte hartzeko 30 euro ordaindu beharko da. Plaza mugatuak dira eta izen-ematea zabalik da dagoeneko gazterobotika.eus webgunean.

Euskadiko I. Hezkuntza Robotika Txapelketa

Irailaren 23an, larunbata, Euskadiko I. Hezkuntza Robotika Txapelketa egingo da Eibarko Astelena pilotalekuan.

Robotikaren eta teknologia berrien inguruko topaketa izango da txapelketa, doakoa eta Euskadi osoko gazteei zuzendua; eskola adineko haur eta gazteak (8 eta 16 urte bitarte) motibatzea du helburu, robotika eta programazio arloan lehen urratsak eman ditzaten, talde-lana eta arazoen ebazpena lantzearekin batera.

Udako tailerretan parte hartuko duten gaztetxoek txapelketan parte hartzeko aukera izango dute, eta eurek egindako lanak erakutsi.

Iturria: Debegesa.