Santiago Banda eta Ana B. Garciaren kontzertua Flysch Organoaren Nazioarteko VI. Zikloan

2021ko urriaren 19aSantiago Banda eta Ana B. Garciaren kontzertua Flysch Organoaren Nazioarteko VI. Zikloan

Urriaren 23an, 20:00etan Santa Maria elizan emango dute kontzertua Santiago Banda eta Ana B. Garciak. Urriaren 2rako programatuta zegoen saioa da larunbatean egingo dena, Flysch Organoaren Nazioarteko VI. Zikloaren barruan. Gonbidapenak turismo bulegoan daude eskuragai.

Nazioarteko Flysch zikloa finkatuz doa pixkanaka Gipuzkoako herri eta kultura esparruan. Finkatzen ari da, hain zuzen, Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta Mutriku, Deba, Zumaia, Getaria eta Orioko udalen ahaleginei esker; Orioko Udalak aurreko edizioan parte hartu zuen zikloan lehen aldiz. Hala ere, egungo osasun egoera dela-eta, Mutrikuk ez du parte hartuko aurtengo Flysch edizioan, eta horren ordez bi kontzertu egingo dira Deban. Dena den, Flysch Organoaren Nazioarteko Zikloa finkatzen ari da pixkanaka; izan ere, gero eta parte hartzaile gehiago ditugu gure artean, jatorri desberdinekoak, zikloa hedatzen laguntzen dutenak. 

Flysch zikloaren seigarren edizioak lehenengo edizioan azaldutako helburuetan sakondu nahi du: organoa ezagutaraztea, tresna ezezaguna den aldetik; gure ondarea zaintzea eta balioestea; eta Gipuzkoako eskaintza kulturala eta artistikoa erakargarriagoa egitea. Azken helburu horrek bereizten du ziklo hau gainerako zikloetatik, ezohiko ziklo bereziki erakargarri bihurtuz. 

Kontzertuari buruz

Santiago Banda eta Ana B. García. Orkestra transkripzioak. Julio Blasco García konpositoreak 4 esku eta 4 oineko organorako moldatutako orkestra-piezen mundu mailako estreinaldia. Julio Blasco: 4 esku eta 4 oineko organorako murrizketa sinfonikoen proiektu hau 2019ko udan hasi zen martxan, Ana Belen Garcia eta Santiago Banda-rekin (Musikeneko nire ikasle ohiak eta organistak biak) egin nuen bazkari batean, organoak musika-proiektuak aurrera eramateko dituen aukerez hitz egin genuenean, musika tresna horretarako errepertorioan ohikoa izaten denaz harago begiratuta.

Horretarako, organoa orkestra sinfoniko moduko bat dela pentsatu behar dugu, instrumentu horrek dituen adierazpen-aukerei dagokienez, eta, are gehiago, Deban aurki dezakegun eta goza dezakegun kategoriako organoa daukagunean.

Birusaren gaiaren ondoriozko osasun-alertaren egoeraren aurrean, eta hiru hilabeteko konfinamendua zela eta, aurreko urteko udan hitz egindakoa aurrera eramatea proposatu nien organista bikain horiei.