Sexu jazarpenaren inguruko ikastaroa eskaini die langileei Debako Udalak
2025ko irailaren 30aPrestakuntza sexu-jazarpenaren eta sexuan oinarritutako jazarpenaren aurkako udal-protokolo berriaren barruan sartzen da, langile guztientzako gune seguruak eta errespetuzkoak bermatzeko helburuarekin.
Debako Udalak lan-inguruneko sexu-jazarpenari eta sexuan oinarritutako jazarpenari buruzko prestakuntza-saio bat eman du gaur langile guztientzat. Ekimen hau jazarpenari aurrea hartzeko eta aurre egiteko udal-protokolo berria egiteko prozesuaren parte da. Prozesu hori Kalakarekin lankidetzan garatzen ari da, barne berdintasun planarekin batera.
Prestakuntzaren helburu nagusia izan da udal-langileei jazarpena zer den jakinaraztea, horren inguruan sentsibilizatzea, jazarpentzat har daitezkeen portaerak zeintzuk diren azaltzea, eta horrelako egoeraren bat gertatuz gero jarduteko bideak erakustea ere. Saioan azaldu bezala, horrelako protokoloek, balizko kasuen aurrean erreaktiboa izateaz gain, prebentzio-dimentsio handia dute, bizikidetza, errespetua eta indarkeriarik eta diskriminaziorik gabeko lan giroa sustatzeko.
Prestakuntzan zehar, sexu-jazarpena nahiz sexuan oinarritutako jazarpena izan daitezkeen jokabideen adibideak azaldu dira, arazoaren ikuspegi osoa emateko eta arazoa errazago identifikatzeko. Gainera, "Aholkularitza konfidentziala" organoaren funtzionamendua azaldu da. Organo hori udal-langileek osatuko dute, eta salaketak prozedura formalen edo informalen bidez kudeatzeaz arduratuko da, kasuaren izaeraren arabera.
Protokolo horrekin eta hasierako prestakuntza horrekin, Debako Udalak urrats sendoa egin du bertan lan egiten duten pertsona guztientzako lan-ingurune seguruagoa, inklusiboagoa eta errespetuzkoagoa sortzeko.