TEK Deba-Itziarren izena emateko epea aste bete luzatuko du Udalak

2026ko maiatzaren 29aTEK Deba-Itziarren izena emateko epea aste bete luzatuko du Udalak

Debako herritar guztiei zuzendutako proiektua da, eta edonork parte hartu ahal izango du komunitate energetikoan. Izen-emate epea ekainaren 7ra arte egongo da zabalik.

Aurrez jakinarazi bezala, TEK Deba-Itziar komunitate energetikoa martxa onean doa. Deba eta Itziarko herritarrek aukera paregabea dute tokian bertan sortutako energia berriztagarria erabiltzeko, autokontsumoa sustatuz eta energia jasangarriago baterantz pausoak emanez. Proiektuak herritarren interesa handia piztu du, eta jende askok izena emateko aukerari heltzen ari da, parte-hartzea oso aktiboa izanik. 

Herritar orok du parte hartzeko aukera 

Herritarren parte-hartzea bikaina izaten ari da, eta horregatik izena emateko epea 7 egun luzatuko da, ekainaren 7ra arte hain zuzen ere. Oraindik plaza libreak daude, eta proiektu hau herritar orori zuzenduta dago, denek aukera izan dezaten onura hauek lortzeko. Etxebizitzek zein merkataritza txikiek parte har dezakete komunitate energetikoan, energia aurrezteko eta jasangarritasunaren alde ekarpena egiteko, herriaren etorkizun energetikoaren alde pauso sendoak eginez. 

“Izen-emate epea luzatzea aukera paregabea da herritar gehiagok zerbitzu honetaz baliatu ahal izateko. Proiektu hau debar guztiei dago zuzenduta, eta herritar guztiek dute izena emateko eta energia berriztagarrien onurez baliatzeko aukera. Ekimen honek Debaren eta Itziarren etorkizun energetikoaren aldeko urrats garrantzitsua dakar, eta oso pozik gaude herritarren artean piztu duen interesarekin.”  - nabarmendu du Alazne Txurruka alkateak.