Tripontziak ekimen gastronomikoaren bosgarren edizioa martxan da Debabarrenean

2018ko azaroaren 12aTripontziak ekimen gastronomikoaren bosgarren edizioa martxan da Debabarrenean

Azaroaren 9tik 25era bitartean, Debabarreneko Klub Gastronomikoko kide diren eskualdeko bederatzi jatetxek kalitate handiko menu bereziak eskainiko dituzte 28 eurotan. Ekimenaren helburu dira garaian garaiko eta bertako produktuen kontsumoa sustatzea eta Debabarreneko establezimenduak zein ekoizleak ezagutzera ematea.

Azaroaren 9tik 25era, bosgarren urtez jarraian Tripontziak ekimen gastronomikoa izango dugu Debabarrenean, Debegesa Garapen Agentziaren eta Debabarreneko Klub Gastronomikoaren ekimenez.

Bosgarren edizio hau eskualdeko bederatzi jatetxetan egingo da, eta honako helburuak bilatzen ditu: bertako eta garaian garaiko produktuen kontsumoa sustatzea, eskualdeko ostalaritza sektoreari bultzada ematea eta Debabarreneko establezimendu gastronomikoak zein bertako produktuak balioan jartzea.

Aurtengoan, hiru jatetxe gehiago batu dira ekimenera, eta bederatzi izango dira Tripontziak menu bereziak eskainiko dituzten jatetxeak; denak dira Debabarrena Turismoren kolaboratzaile:

  • Azitain Erretegia (Eibar)
  • Belaustegi Jatetxea (Elgoibar)
  • Bordatxo Jatetxea (Deba)
  • Hostal Itziar Jatetxea (Itziar)
  • Kanala Jatetxea (Itziar)
  • Lasturko Taberna (Lastur)
  • Mendiola Jatetxea (Ermua)
  • Pikua Jatetxea (Mutriku)
  • Urgain Jatetxea (Deba)

Horiek guztiek garaian garaiko eta bertako produktuekin osatutako menu erakargarriak eskainiko dituzte prezio berezian: 28 euro Tripontziak Menua.

Jatetxe bakoitzak bere menua landuko du. Honela, bertako nekazari eta ekoizleen lehengaiekin prestatutako platerak dastatzeko aukera egongo da. Produktu horien artean izango dira, besteak beste, inguruko baserritarren barazkiak, geure kostaldeko arrain freskoa edota Mendaroko txokolatea. Menu bakoitzarekin lehenengo platera, bi edo hiru plater nagusi eta postrea dastatzeko aukera izango da, edaria eta kafea barne.

Jatetxe bakoitzak eskainiko duen menua debabarrenaturismo.com webgunean kontsulta daiteke. Beharrezkoa da aurrez jatetxera deitu eta erreserba egitea Tripontziak Menua aipatuz.

Sare sozialetan lehiaketak eta zozketak

Aldi berean, azaroaren 9tik 25era bitartean, Twitterren, Instagramen eta Facebooken, Debabarrena Turismoren profilen bitartez, lehiaketak abiatuko dira herritarren parte-hartzea sustatu eta saritzeko helburuarekin.

Twitterren eta Instagramen, erabiltzaileek argazkiak partekatu beharko dituzte euren “Tripontziak” unea erakutsiz, txioan #Tripontziak etiketa erabiliz eta jatetxearen izena aipatuz.

Facebooken, aldiz, nahikoa izango da Debabarrena Turismoren orrialdera sartu –facebook.com/DebabarrenaTurismo–, “Atsegin dut” botoia sakatu, eta #Tripontziak uneko argazkiak partekatzea.

Halere, sare sozialen erabiltzaile ez direnek ere izango dute aukera sariak eskuratzeko. Horretarako, Tripontziak Menua dastatu duten jatetxean Tripontziak zozketako kupoia eskatu beharko dute, harremanetarako euren datuekin bete eta establezimenduan bertan entregatu.

Parte-hartzaile guztien artean sari ugari zozkatuko dira: Tripontziak egonaldi bat (ostatu-gau bat eta gosaria, bi pertsonarentzat, Debabarreneko ostatu xarmangarri batean, eta Tripontziak menu bat bi pertsonarentzat); Tripontziak menuak bi pertsonarentzat, eta Mendaroko Txokolate-sorta ederrak.

Iturria: Debabarrena Turismo