‘Euskeraz Bagera’: Deba bat eginda, Euskararen Nazioarteko Eguna aldarrikatzeko eta ospatzeko
2023ko azaroaren 20aDebako 11 erakunde eta elkarteren lankidetzak erakusten du euskara zaintzeko eta sustatzeko konpromiso bateratua.
Euskararen Nazioarteko Egunaren harira antolatutako ‘Euskeraz Bagera’ programa aurkeztu da egun hauetan herrian. Programa hau tokiko 11 erakunde eta elkarterekin lankidetzan diseinatu da, eta honek agerian uzten du euskara zaintzeko eta sustatzeko udalerri baten konpromiso bateratua.
Alazne Txurruka alkateak adierazi du programa hau Debako Udalaren eta herriko hainbat erakunde eta lokalen arteko elkarlan estuaren emaitza dela: "batasun honek erakusten du gure hizkuntzaren, nortasunaren eta euskal kulturaren alde dugun sentimendu eta konpromisoa. Euskara funtsezko zutabea da gure udalerrian, eta euskara sustatzeko eta zaintzeko dugun konpromiso irmoa berresten dut. Debako Udalak debar guztiak gonbidatu ditu 'Euskeraz Bagera' ekimenekin bat egitera eta Euskararen Nazioarteko Eguna gure hizkuntzarekin eta kulturarekin konpromisoz bizitzera”.
Jarduera-aukera zabala
'Euskeraz Bagera' programak euskararen erabilera eta sentimendua sustatzen duten ekintza ugari biltzen ditu:
Azaroaren 24an, gazteentzat, 'Niala Magoa' ikuskizuna izango dugu, eta txokolate jana.
Azaroaren 25ean gurasoentzako jolasei buruzko tailerra egingo da, familiarteko dibertsioa euskaraz sustatuz.
Azaroaren 26an, Diego Mendozaren eskutik, Ozio basora irteera gidatuko du.
Azaroaren 29an Mintzodromoa izango da, euskaraz praktikatzeko eta hitz egiteko gunea; giro atseginean, interakzio soziala sustatuz.
Abenduaren 1ean, literatura txapelketako sariak banatuko ditu Zuhatzak; gainera, Koloreanitzek Euskaraz Blai antolatu du, haur eta gaztetxoentzako jolasak; eguna Gariren kontzertuarekin amaituko da.
Abenduaren 2an, debarrek ‘Gaitu’ ekimenean parte hartu ahal izango dute debarrek. Udaleko Osoko Bilkura aretoan ahotsak grabatu ahal izango dira, etorkizun hurbilean tresna teknologikoek ere euskaraz hitz egin dezaten. Yoga saioa ere izango du hala nahi duenak; baita gosaria ere. Eta eguerdia borobiltzeko Kalean Katuz arituko da kantuan, kaleak alaituz.
Abenduaren 3an, ‘Gaituz’ kanpainak segida izango du Pleno aretoan. Elkarretaratzea izango da eguneko ekitaldi nagusia, Foruen plazan euskararen alde egingo dena. Horrez gain, ipuin kontaketa eta 'Irati' filmaren proiekzioa ere izango dira.
Abenduaren 15ean, debarrek umorezko emanaldia izango dute: ‘Erdaldun elebakarraren kluba’..
Eta azkenik, egun bat beranduago, "Euskeraz bagera" programazioari amaiera emango zaio euskararen aldeko pilota partiduekin.