Udan ere mugikorraren erabilera osasungarria sustatzeko erronka eramango dute aurrera Debako ikasleek
2025ko ekainaren 24aAltxa Burua programaren bitartez eta Debako Udalaren zein Itziarko Auzo Udalaren lankidetzarekin, Luzaro ikastetxeko LHko ikasleek smartwatch-aren erabilerari buruzko informazio orria jaso dute etxeetan eta Mendata BHIko ikasleek, halaber, ohitura digitaletan hausnartzeko eta udako garaia kontzienteki bizitzeko hainbat erronka jaso dituzte.
Udan ere ohitura digital osasungarriak sustatzeko asmoz, Luzaro ikastetxeak eta Mendata BHIk sakelako telefonoaren zein smartwatcharen erabilerari buruzko gomendio zein erronkak jaso dituzte, guztia Altxa Burua programaren baitan eta Debako Udalaren zein Itziarko Auzo Udalaren lankidetzarekin.
Mendata BHIko ikasleen kasuan, erronka honek sakelako telefonoaren erabilerari buruz hausnartzera gonbidatzen ditu, eta edonork praktikan jar ditzakeen hainbat ekintza zehatz eta erraz proposatzen ditu:
Isildu jakinarazpenak. Zuk nahi duzunean begiratu mezuak, ez mugikorrak nahi duenean.
Deitu. Planak egiteko, zoriontzeko, hitz egiteko… telefono bat da eta hitz egiteko balio du.
Garbitu mugikorra. Ezabatu behar ez dituzun aplikazioak (sare sozialak, umeentzako jokoak, entretenimenduko aplikazioak…).
Berreskuratu gailuak. Ordua jakiteko, erabili erlojua; esnatzeko, iratzargailua…
Kalean altxa burua. Begiratu zure ingurura, agurtu jendea, konturatu gertatzen ari denaz.
Mugikorraren txokoa. Etxera iristean, aukeratu leku diskretu bat uzteko eta kargatzeko (mugikorraren “parkinga”); ez eraman alde batetik bestera.
Gauean itzali. 22:00etatik 08:00etara itzali edo utzi daturik gabe.
Gozatu mugikorrik gabe. Hitz egin aurrez aurre, jolastu, partekatu, irakurri, bizi unea…
Ohitura berri hauek praktikan jarri. Egunero egin, eta izan adibide zure inguruan.
Deskonektatu eta bizi momentua. Urrundu mugikorretik eta indarberritu gorputza eta burua: goza ezazu uda!
Luzaro ikastetxeko LHko ikasleek, halaber, smartwatcharen erabilerari buruzko gomendioak eta informazioa jaso dute etxeetan, bereziki honen erabilera goiztiarrari loturikoak.
“Altxa burua” hitzek dioten bezala, herritarrei mugikorra alde batera uzteko, inguruaz gozatzeko, hurbileko pertsonekin gehiago partekatzeko eta oraina bizitzeko gonbita egiten zaie. Debako Udalak herritarrei erronka honetan parte hartzeko gonbita luzatzen die, uda hau norbere buruarekin, besteekin eta ingurunearekin konektatzeko aukera izan dadin.