Urte berrirako ideia eta proposamen berriekin dator Gaztelekuko lan-taldea

2023ko urtarrilaren 13aUrte berrirako ideia eta proposamen berriekin dator Gaztelekuko lan-taldea

“Neguko oporraldiari zukua atera eta bitamina pila bat hartuta, urte berria indartsu” hasiko dutela diote Gaztelekuko lan-taldeko kideek. Urte berrirako proposamen, ideia eta proiektu berriak dituztela ere esan dute, eta horiek ezagutzeko, bertara joateko gonbidapena luzatzen diete udalerriko gazteei.

Amaitu berri den oporraldian hainbat ekintza egin dituzte, esaterako, nerabe adin tarte bakoitzarekin irteera bana egin dute. Usurbilgo zineman, Donostiako Izotz Jauregian, Lasergunean eta Iruñeko Saltingean ibili dira.

Herrian bertan, nesken pala txapelketa eta bazkaria egin dituzte. Gaztefutbol taldearekin, Elgoibarren izan dira herrien arteko txapelketan.

Gabonetako tonbolarekin buru-belarri jardun duten Debandankeko gazteek eta prozesu hezitzaileen barruan bi talde gabon eskean ibili dira Deban eta Itziarren.

Ekintza hauetan 12-17 urte bitarteko 170 nerabek hartu dute parte.

Horrez gain, Gaztelekua egunero zabalik egon da eta askotariko ekintzak eskaini dira: ping-pong txapelketa, bingoa...

Pozik agertu dira, eta hurrengo mezua ere helarazi dute: “Gazteak, gozada hutsa da zuekin lan egitea! Zorionekoak gu, zuekin igaro ditugun uneak bizitzeagatik! Segi horrela!”