Zabalik da San Roke 2026 jaietako kartel lehiaketa

2026ko maiatzaren 26aZabalik da San Roke 2026 jaietako kartel lehiaketa

Lehiaketa herritar guztientzat irekia da eta lanak ekainaren 26ra arte aurkeztu daitezke udaletxeko harreran. Kartel irabazlea herri-bozketa bidez aukeratuko da eta 500 euroko saria jasoko du.

San Roke jaietarako prestaketak abian dira dagoeneko, eta horren lehen adierazgarrietako bat da kartel lehiaketaren deialdia, aurtengo jaietako irudi ofiziala aukeratzeko helburuarekin. Nahi duen edonork parte hartu ahal izango du, bere proposamena aurkeztuz eta jaiak irudikatuko duen lana lehiaketara eramanez.  

Kartelak bi formatutan aurkeztu beharko dira: alde batetik, formatu bertikaleko euskarri fisikoan (50x70 cm), originalak eta argitaratu gabeak izan beharko dira; bestetik, euskarri digitalean ere aurkeztu beharko dira, pendrive batean eta gutxienez 300 ppp-ko bereizmenean. Gainera, nahitaez jaso beharko dute honako testua: “San Roke 2026 - Deba, abuztuak 14-18”, eta Debako Udalaren logotipoa ere txertatu beharko da. 

Lanak ekainaren 26ko 14:00ak arte aurkeztu ahal izango dira, Debako Udaleko harreran (Portu kalea 1), astelehenetik ostiralera, 8:00etatik 14:00etara. Lan bakoitza euskarri gogorrean eta babestuta entregatu beharko da, kanpoaldean lelo batekin identifikatuta. Era berean, lelo berarekin markatutako gutunazal itxi batean egilearen izen-abizenak, posta elektronikoa eta telefono zenbakia aurkeztuko dira.

Saridunaren hautaketa

Kartel irabazlea herri-bozketa bidez aukeratuko da. Aurrez, ordea, kultur sailak izendatutako epaimahaiak lanen lehen hautaketa bat egingo du eta horiek izango dira azken bozketa fasera pasako direnak. Horri lotuta, epaimahaiak genero-oreka eta aniztasun errespetuzkoa islatzen duten lanak lehenetsiko ditu eta baztertzaileak edo estereotipo tradizionalak dituztenak kanpo uziko dira. Gainera, erabilitako baliabide linguistikoek euskaraz izan beharko dute, ezingo da AA erabili eta ez dira onartuko identifika daitezkeen pertsona errealen argazki edo irudiak. 

Lan onen aukeraketa jarriko da ikusgai eta herritarrek bertan emandako botoen bidez hautatuko dute irabazlea. Erakusketaren kokalekua eta datak aurrerago zehaztuko dira.

Irabazleak 500 euroko saria jasoko du, eta bere lana aurtengo San Roke jaien irudi gisa erabiliko da. Saritu gabeko lanak 2026ko abuztuaren 3tik 7ra jaso ahal izango dira entregatu diren leku berean.

Informazio gehiagorako, deitu 943 192 840 telefonora edo idatzi kultura@deba.eus helbidera.