Zabalik dago 2026ko etxebizitza alokairurako laguntzak eskatzeko epea Deban
2026ko maiatzaren 25aDeialdiak berrikuntza garrantzitsuak jasotzen ditu laguntzak eskuratzeko aukera zabaltzeko, besteak beste, diru-sarreren mugak handitzea, alokairuaren %35erainoko diru-laguntzak, gutxieneko erroldatze-epea urtebetera murriztea eta adin-muga kentzea. Eskabideak ekainaren 22ra bitarte (egun hori barne) aurkeztu ahal izango dira, bai aurrez aurre Debako Udalean, bai udalaren egoitza elektronikoaren bidez.
Debako Udalak etxebizitza alokatzeko laguntzak eskatzeko epea ireki du. Laguntza horien helburua etxebizitza eskuratzeko aukera erraztea eta udalerriko pertsona zein familiei alokairuak eragiten dien karga ekonomikoa arintzea da. Deialdiak, gainera, Udalbatzak berriki onartutako baldintzen eguneratzea jasotzen du, diru-laguntzak eskuratzeko aukera zabaldu eta etxebizitzaren merkatuaren nahiz familia-ekonomien egungo egoerara egokitzeko.
Deialdi honetarako aurrekontua 23.000 eurokoa da. Laguntzek ohiko etxebizitzaren alokairuaren kostuaren zati bat estaliko dute, eta bizikidetza- edo familia-unitatearen urteko diru-sarreren arabera zehaztuko dira. Nolanahi ere, laguntzaren zenbatekoa ez da hilean 300 eurotik gorakoa izango.
Deialdiaren baldintza eta ezaugarri berriak
Deialdi honetako baldintzak eguneratu egin dira laguntzak eskuragarriagoak izan daitezen eta herritarren arteko aukera-berdintasuna sustatzeko. Berrikuntza nagusien artean, diru-sarreren mugen handitzea nabarmentzen da. Horrela, urtean 33.000 eurora bitarteko diru-sarrerak dituzten pertsona indibidualek eta 40.000 eurora bitarteko diru-sarrerak dituzten familia- edo bizikidetza-unitateek laguntzak eskatu ahal izango dituzte.
Diru-laguntzaren ehunekoak ere aldatu dira. 30.000 eurotik beherako diru-sarrerak dituzten pertsonek alokairuaren %35eko laguntza jaso ahal izango dute; 30.000 eta 33.000 euro arteko diru-sarrerak dituztenek, berriz, %25eko diru-laguntza jasoko dute. Familia- edo bizikidetza-unitateen kasuan ere laguntza %25ekoa izango da.
Beste berrikuntza garrantzitsuetako bat da laguntza eskatzeko behar den gutxieneko erroldatze-epea murriztu egin dela, eta urtebetekoa izango da deialdi honetan. Gainera, orain arte indarrean egon den adin-muga ezabatu egin da; hortaz, ezarritako baldintzak betetzen dituen edozein pertsonak eskatu ahal izango du laguntza, adina edozein dela ere.
Interesdunek ekainaren 22ra arte (egun hori barne) aurkeztu ahal izango dituzte eskabideak, bai Debako Udalean bertan, bai udalaren egoitza elektronikoaren bidez.
Oinarriak eta eskabide-orriak Debako Udalaren webgunean egongo dira eskuragarri.