Zirkulatzeko eta gidatzeko baimenen helbide aldaketa herrian bertan egin ahal izango da aurrerantzean

2021ko apirilaren 30aZirkulatzeko eta gidatzeko baimenen helbide aldaketa herrian bertan egin ahal izango da aurrerantzean

Apirilaren 29an batzartu da Debako Udalbatza ohiko osoko bilkuran. Aho batez onartu da Trafiko Zuzendaritzarekin hitzarmena egitea, orain artean herrialdeetako Trafiko Zuzendaritzaren bulegoetan soilik egiten ziren tramite batzuk udaletxean bertan egitea ahalbidetuko duena. Honenbestez, Zirkulatzeko eta gidatzeko baimenen helbide aldaketa udaletxean bertan egin ahal izango da aurreratzean.

Herritarrei helbide aldaketa egitea erraztearekin batera, bermatuko da tramite administratibo horren bitartez, ibilgailuen jabetzen inguruko informazioa eguneratua egotea. Eskaera udaletxean egin ondoren, aldaketa jasotzen duen agiria etxean jasoko du onuradunak, bulegoetara joan beharrik gabe. 

Landutako gainontzeko gaiak ere aho batez onartu ditu udalbatzak. Hala, onartu da Itziarko Entitateko 1. kreditu aldaketa, 90.000 eurokoa, Antsorregi-Arriola bideko lanetarako. 

Bestetik, Hilerriko ordenantza fiskalaren aldaketa ere onartu da, zerbitzuetan tasak eguneratuz. 

2021eko aurrekontuetarako 450.000 euroko mailegua eskatzeko lehiaketa egin ondoren, eta Ogasun batzordeak aho batez hala proposatuta, Laboral Kutxaren proposamena onartu da.