Debako zuhaitz eguna 2019

2019ko apirilaren 3aDebako zuhaitz eguna 2019

Luzaro ikastetxeko 4.mailako ikasleek zuhaitz eguna ospatu zuten pasa den astean. Udal brigadako langileekin eta Debanaturako kideekin batera, Gipuzkoako Foru Aldundiak emandako 150 zuhaitz landatu zituzten Casacampo inguruan.

Pasa den astean Zuhaitz Eguna ospatu zuten Casacampon Luzaro ikastetxeko 4. mailako ikasleek,  Debako Udaleko Ingurumena, Zerbitzuak eta mantentze-lanetako saileko langileekin eta Debanaturarekin batera. Aldaketa klimatikoaren ondorioei aurre egiteko keinu sinboliko gisa, 150 zuhaitz landatu zituzten guztien artean.

Jabari publikokoa den plantazio gunean, ihartutako zuhaitzak kendu eta erriberako basoa sortu nahian zuhaitz mota ezberdinak landatu zituzten; hala nola, basaranak (Prunus spinosa), intsusak (Sambucus nigra), zuhandorrak (cornus sanguinea), gorostiak (Iquex aquifolium), erramuak (Laurus nobilis), gurpitzak (Arbutus unedo), sahatsak (salix atrocinerea), eta elorriak (crataegus monogyna). Zuhaitz horiek Gipuzkoako Foru Aldundiko Mendiak eta Natura Inguruneko Zuzendaritzak eman zizkion Udalari.

Luzaroko ikasleak autobusez gerturatu ziren Artzabaleraino; eta handik, oinez egin zuten Casacampora arteko bide-zatia. Bertan, udal brigada, landatu beharreko zuhaitzak, ur deposito handia eta aitzurrak zituzten zain. Debanaturako Diegok zuhaitzak landatzearen garrantzia eta landatu behar zituzten zuhaitz moten ezaugarriak azaldu zizkien.

Eguraldia lagun, goiz osoa eman zuten ikasleek zuhaitzak landatzen; eta hala ere, ez zuten Aldundiak emandako zuhaitz guztiak landatzeko denborarik izan. Hortaz, Debanatura eta Udaleko brigada sozialaren artean amaitu zituzten lanak.