Polentzi Markiegi

Florencio Markiegi Olazabal (1898/01/03-1937/10/15)

Debako alkatea

Sinesmen erlijioso eta zintzotasun handiko gizona izan zen, bere sorterriarekin eta Euskal Herriko askatasunaren aldeko borrokarekin konprometitua. Eredugarria izan zen Debaren alde, debarren alde eta demokraziaren alde izan zuen jarrera. Izan ere, bere irudia Gerra Zibileko biktima guztien sinbolo bilakatu da.

Florencio Markiegi Deban jaio zen 1898ko urtarrilaren 3an. 1937ko abuztuaren bukaeran, Santoñako (Santander) El Dueson kartzelatu zuten; eta egun batzuk geroago, heriotza zigorra ezarri eta 1937ko urriaren 15ean fusilatu egin zuten Berriako hondartzan.

18 urte zituela Debako Alderdi Jeltzaleko udal batzordeko idazkari izendatu zuten. Urte batzuk beranduago, Batzokiko presidente eta Uri-Buru-Batzarreko idazkari hautatu zuten. Bere jarduketen artean, Debako Udalaren ordezkari gisa Euskal Autonomia Estatutua egiteko Euskadiko Udalen batzarrean parte hartu izana nabarmentzen da. Gainera, Kontzertu Ekonomikoaren Defentsarako Batzorde Iraunkorreko kide ere izan zen. Euskal kulturarekin eta euskararekin zuen konpromisoa agerian geratu zen Euskal Eskola abian jarri zenean, eta horrek gaur egun gure herriko hezkuntza-errealitatearen aurrekari bihurtzen du Polentzi Markiegi. Era berean, Primo de Riveraren diktaduran inguruko mendigoizaleen mugimendua indartzen lagundu zuen.

Ez zen erraza izan Debako lehen agintari gisa aritzea. Politika instituzionalean izandako parte hartzea Debako alkate hautetsi gisa hasi zuen. 1931ko apirilaren 12ko hauteskundeetarako hautagaia; bere hautagaitzak garaipen zabala lortu zuen, eta maiatzaren 7an egindako Osoko Bilkuran izendatu zuten alkate. Maiatzaren 31n hauteskundeak errepikatuta, hautagaitza eta garaipena errepikatu zituen, eta ekainaren 5ean egindako Osoko Bilkuran izendatu zuten alkate.

1934ko udan,  udal askok  Kontzertu Ekonomikoa defendatzeko mugimendua sortu zuten; baita Gobernu Zentralak zuzenean izendatutako kudeatzaileek Aldundiak goberna ez zitzaten eta udal bakoitzean egin beharko liratekeen hauteskunde libre eta demokratikoen aldeko mugimendua ere. Gobernua hauteskunde horiek egitearen aurka agertu zen erabat; baina Polentzi Markiegik Udal Hautetsien Batzordean parte hartu zuen, eta Azpeitiko barrutian aukeratu zuten.

1934ko abuztuan, Azpeitiko Epaitegiak Florencio Markiegi alkate eta zinegotzi kargutik kendu zuen, Ormaiztegi, Azpeitia, Zumaia eta Getariako alkateekin batera. Etenaldiak Marcelino Egaña Aranzibia lehen alkateordea ustekabeko alkate izendatzea zekarren, baina elkartasunezko ekitaldi batean, Marcelino Egañak eta kargua proposatu zitzaien gainerako zinegotziek uko egin zioten izendapenari; Fernando del Valle Lersundik izan ezik. Hala, irailaren 7ko osoko bilkuran, Euskal Herriko Udalen Batzarraren argibideei jarraituz, Debako Udaleko zinegotzi abertzaleen dimisio kolektiboa gertatu zen. Polentzik Udalbatzari igorri zion idatzia irakurri zen, non alkate eta zinegotzi bezala bere dimisio ezeztaezina aurkeztu zuen, kargu horiek etenda baitzeuden.

Gaitasunik gabe utzitako kargu publiko guztientzat aldarrikatu zen amnistiaren ondoren, Debako alkate bihurtu zen 1936ko otsailaren 23an. 1936ko irailaren 26ra arte mantendu zen postu horretan.

Espainiako Gerra Zibila piztu zenean, 1936ko uztailaren 18an, Debako alkate eta EAJko partaide nabarmena zen. Tropa frankistak Deban sartu baino egun batzuk lehenago (1936ko irailaren 23an), bere familiarekin batera ihes egin zuen Bizkaia aldera, eta han, emaztea (Maritxu Garate) eta alabak (Itziar, Nekane eta Lorea) Iparraldera itsasoratzea lortu zuten. Berak, aldiz, familiarekin ihes egin ahal izan zuen arren, batailan sartu zen, bere ideia, konpromiso egiaztatua eta gaztetatik izan zuen lidergo politikoarekin koherentzia argian.

Bilbo hartu ondoren, Bizkaia utzi eta Santanderrera joan zen, "Santoñako Itunean" parte hartzeko. 1937ko abuztuaren 26an El Duesoko (Santoña) espetxean atxilotu zuten. Markiegi auzipetu eta heriotza-zigorrera kondenatu zuen auzitegi militar batek, eta 1937ko urriaren 15ean, Berriako hondartzan fusilatu zuten. 39 urte baino ez zituen.

Polentzi Markiegiren omenez, demokraziaren lehen udal legegintzaldian Debako Udalak erabaki zuen ordura arte San Inazio izena zuen kaleak Markiegi izena eramango zuela. Geroago, fusilatu zuteneko 50. urteurrenaren harira, 1987ko urriaren 15ean egindako udalbatzak aho batez onartu zuen Polentzi Markiegiri omenaldi herrikoia egitea, herriko askatasun demokratikoen ordezkari gisa, haren argazki bat udaletxeko osoko bilkuren aretoan jartzea eta Deba Hiriko seme kutun izendatzeko dagokion espedientea bideratzea. Espedientea amaituta, 1988ko maiatzaren 15eko osoko bilkuran erabaki zen onestea, eta ondorioz, Florencio Markiegi Olazabal jaunari Hiriko seme kutun titulua ematea.

Fusilamenduaren 75. urteurrenaren baitan, alkate ohiaren omenezko ekitaldien artean eskultura bat jarri zuten Kalbeton zumardiko pasealekuan. Markiegiren iloba Willy Berasaluze da egilea. Era berean, 2017ko urrian, fusilatu zuteneko 80. urteurrenean antolatutako ekitaldien artean, Debako Udaleko osoko bilkurak adierazpen instituzionala onartu zuen, eta urriaren 14an, ekitaldi instituzionala egin zen, non Polentzi Markiegiren figura gogoratzeaz eta haren ondarea aldarrikatzeaz gain, 1936-1938 bitartean fusilatutako beste 19 alkate eta zinegotzi guizpuzkoarrei ere egin zitzaien aitortza. Ekitaldian Debako alkatea, Pedro Bengoetxea, Gipuzkoako Ahaldun Nagusia, Markel Olano, eta Batzar Nagusietako lehendakaria, Eider Mendoza, izan ziren. 

Polentzi Markiegiren omenezko ekitaldiak