Deba

Hondartzak, natura eta milaka urtetako sekretuak

Hondartzek eta itsaslabar ikusgarriek, Kretazikoko kareharrizko mendiguneek, aztarnategi arkeologikoek, Santiago Bideak, monumentu gotiko paregabeek, gastronomiak eta gure festek denbora geologikoa eta milaka urtetako herri baten kutlura eta tradizioa deskubritzeko aukera eskaintzen digute.

Kokapena - Iritsi eta mugitu

Historia eta ondarea

Hondartzak, olatuak eta flyscha

Landa eremua, historiaurrea eta karsta

Ezagutu Deba kalez kale

Ibilbideak eta turismo aktiboa

Jaiak eta ospakizunak

 

 Euskal Kostaldeko UNESCOren munduko Geoparkea

Kokapena

 

Lurralde historikoa: Gipuzkoa
Eskualdea: Debabarrena
Hedadura: 51,9 km²
Biztanleria: 5.458 (2018)

 

 

 

Deba Gipuzkoako kostaldearen mendebaldean dago, Deba ibaiaren bokalean. Alboan duen eta Bizkaiako lurralde historikoarekin muga egiten duen Mutriku herritik oso gertu eta Zumaiatik ere kilometro gutxira. Hiru herriok Euskal Kostaldeko Geoparkea osatzen dute. Itsasoaren ertzean dagoen hiriguneaz gain, liluraz beteriko hainbat nekazal auzo ditu, horren adibide dira Itziar, Lastur eta Elorriaga. Eta hori guztia, paisaiek itsasoaren urdinaren eta mendien etengabeko berdearen arteko fusio bikaina osatzen duten inguru natural ezin ederragoan.

Hondartzak, olatuak eta flyscha

Debak bi hondartza eder ditu ia hirigunean bertan. Biek, Santiagokoak eta Laparikoak, ISO 14.001 ziurtagiria dute. Haien gainetik, behatoki luze gisa, Cárdenas eta  Pablo Sorozabal itsas pasealekuek kostaldea zeharkatzen dute Bizkaiko Golkoko kostaldearen eta itsasoaren panoramika ikusgarriak eskainiz. Bertan sortzen diren olatuen kalitatea ezin hobea da, eta maila guztietako surflarientzako modukoak dira.

Mendeetan zehar hiribilduaren ardatz ekonomikoa izan zen itsasadarra aisialdiko elementu ludiko bilakatu da. Ertz batean kirol portu txiki liluragarria dago. Itsasadarraren kaietan, egunero lehorretik eta ontzietatik arrantza egiten duten arrantzaleek beraien harrapaketei buruz hitz egiten dute. Beste aldeko ertzean Casa Campo izeneko gune babestua dago: urtero ubarroiak, lertxunak eta zenbait hegazti limikola jasotzen dituen padura ederra.

Baina Deba zerbaitetaz harro baldin badago, pasealekuei, lorategiei eta parkeei eskainitako lekuaz da: hiriaren azalera osoaren ia herena. Horren adibide bikaina Calbeton zumardia da, 2 hektarea hartzen dituen zuhaitzez eta lorategiz beteriko leku ederra, haurren eta nagusien jolasleku.

Debako flyscha

Debako kostaldea mundu osoko interesgarrienetakoa da, bertan ematen diren fenomeno geologikoen eta elementu biologikoen aberastasuna dela eta. Biotopo babestua izendatua dago eta Euskal Kostaldeko Geoparkearen zati ikusgarrienetakoa da.

Bertan, flysch formazio ikusgarriak daude, Mendata eta Sakoneta inguruetan batez ere. Flysch izenekoak itsasoaren higadurak geruza gogorretan eta bigunetan sortzen dituen fenomenoak dira. Harkaitzak ehundaka metro sartzen dira uretan, saihets gune handi gisa, eta ikuskizun bikaina eskaintzen dute marea behean dagoenean.

Kostaldean  zehar  hondartza  eta kala ezkutuak ikusten dira, batzuk hondarrezkoak, besteak uharrizkoak; benetako paradisua, naturaz, bakardadeaz, lasaitasunaz… gozatu nahi duen ororentzat.

Itsaslabarren gainean, itsasoari begira, Elorriaga eta Itsaspe auzo txikiak eta Santa Katalina mendia daude, Kantaurialde osoko talaia ederrenetakoa. Horien oinetan, itsaslabarraren gainean sugea balitz bezala doan errepide nazionalak mendia bitan banatzen du, eta “La Hilandera” eta “La Salve” izeneko begiratoki panoramikoetan gelditzeko gonbidapena luzatzen digu. Benetan merezi du bidean geldialditxo bat egitea: kostaldearen ikuspegia ikusgarria da.

Deba kalez kale

Presarik gabe, begiak eta bihotza zabalik ditugula, herriko kaleetan barrena ibiltzeak hainbat bizipen berri ekar diezaguke: pinxto gozoak, eraikin bereziak, istorio liluragarriak, lagun berriak... Hiribilduko informazio panelek herriaren historia eta bilakaera ezagutzen lagunduko digute. 

Deba Geoparkean

Santa Maria

Hiribildua

Deba eta harria
Deba eta balea Erromesen geltokia Agirre jauregia Flyscharen ibilbidea
Itziar Lastur Deba eta zezenak Dorreen errebala

Panelen kokapena ikusteko klikatu hemen

Foiletua jaitsi nahi baduzu klikatu kalez kale

Landa eremua, historiaurrea eta karsta

Barnealdean, karstaren mundu ezkutua aurkituko dugu; kareharrien higadurak sortutako paisaia ikusgarria, aspaldi itsaso tropikal baten azpian eratua. Milioika urtetan, urak zulo eta bide asko egin ditu kareharrizko harkaitz hauetan, formazio desberdinak eraginez: haitzuloak, simak, lapiazak, dolinak, errekak, sakanak... Lurrazpiko zein gainazaleko ikuskizun paregabea.

200.000 urte inguru dira gizakia Deba bailaran finkatu zela. Berrogeita hamar haitzulo eta aztarnategi baino gehiago daude, eta Kantauri isuriko paleolitikoko multzo garrantzitsuenetakoa osatzen dute. Eta bertan aurkitutako aztarna arkeologiko garrantzitsuek bi gizaki mota egon direla egiaztatzen dute: Neandertala eta Cro-magnona. Inguru honi "Dordoña txikia" deitzen dionik ere bada. 

Ia zonalde guztia Izarraitz mendigunearen barruan dago, "Erkidegoko Garrantzizko Gune" (Lic) gisa proposatutako lekua da, eta gainera, altxorrez zipriztinduta dago. Bertan daude Itziar eta Lasturko bailara, baita Lasturko San Nikolas gune txikia ere.

Itziar

Debako hirigunetik 6 km ingurura, Andutz mendigune karstikoaren oinetan Itziar auzoa dago, Ama Birjinari eskainitako gune garrantzitsua. Bertan dago izen bereko santutegia ere. Tenpluaren buru Itziarko Ama Birjinaren irudi erromanikoa da (XII. mendekoa), euskal ikonografiako ederrenetakoa, itsasoko jendearen artean debozio handia pizten duena.

Itziarko Santutegiaren ondoan, bere emaztearen omenez egindako, Jorge Oteizaren Amatasuna eskultura dago. XX. mendeko eskultore handiak amatasunaren kontzeptua zabaltasun osoarekin irudikatzen du. Angulo ezberdinetatik begiratuta, amatasunaren hiru une bereiztuko ditugu. Hutsune existentzial bat da, eta ama balitz bezala, begiratzen duen eremu guztia babestu nahi du, Amalurra.

Itziar abiapuntu bikaina da inguruetan oinezko ibilbideak egiteko. Bertatik Lasturko bailara, Endoia, Mardari eta Arbiskoa auzoetara joan gaitezke; baita Andutz (613 m), Otaerre (663 m), Agiro (739 m), Sesiarte (758 m) eta Erlo (1030 m) tontorretara ere.

Lastur

Barnealderuntz jarraituz Lasturko bailaran sartuko gara; oinez, presarik gabe, bisitatzea merezi duen paradisu naturala.

Bailararen muturrean Lasturko San Nikolas gune txikia ezagutuko dugu. Auzogunea San Nikolas baseliza, errotak, pilotalekua eta hiruzpalau etxez osatuta dago; aterpetxea ere badago, eta bertan, karsta sakon ezagutzen lagunduko digun interpretazio gunea dago. Informazio panelen bitartez, argazki eta ilustrazioen bidez haranaren historia eta ohiturak, harriarekin izan duen lotura, bere ezaugarri geologikoak eta bertako biztanleen bizimodu eta tradizioak ere ezagutuko ditugu. Izan ere, haran honetan baserria, haitzuloak, ura, kareharria eta zezenak dira protagonista nagusiak.

Lastur 1335eko dokumentuetan aipatzen da jada, Alfontso XI. erregeak bailarako burdinolen eskariz, inguruko herri basoetan zuhaitzak ebakitzeko baimena emateko idatzian, alegia. Denbora igaro ahala, haran honetako burdinolak errota bihurtu ziren, eta egun, horren testigu dira Plazaola errotak. Bikain gordeak eta jardunean, bisitariak jasotzeko prest daude.