Uztailaren 1ean hasi da hondartza denboraldi ofiziala Deban, Gipuzkoako gainontzeko hondartzetan bezala. Aurtengo egoera berezia dela eta, COVID-19ak eraginda, neurri bereziak hartu dira. Hondartzan lan berriak egin beharra ere eragin du honek: hondartzainen figura sortzea, kasu.
Itziarra doan GI-3210 eta Itsaspera doan GI-3291 errepideen eta N-634 errepidearen arteko Itziarko gaineko bidegurutzean zuzeneko bide adarra duen biribilgunea egiteko obra-lanak uztailaren 13an hasiko dira. Lau hilabetez luzatuko dira lanak.
Uztailaren 9tik aurrera, pandemia egoeraren aurreko ordutegira bueltatuko da eguneko zentroa eta ohiko zerbitzuak berreskuratuko ditu.
Arantza Aranburu Lasa (Zarautz,1966) Deba eta Mutrikuko osasun zentroko arduraduna da, lehen arreta unitateko arduraduna, hain zuzen. Covid-19ak eragindako osasun alarma egoera bitartean bere lana egiten aritu da Debako osasun zentroan. Deban pandemiak eragin handirik izan ez badu ere, kezkaz bizi izan du eta bizi du honek eragindako egoerak, mediku bezala, baina baita maila pertsonalean ere, Debaberri udal aldizkarian egindako elkarrizketan aitortu duen moduan. Egoera ezezagunari erantzuteko osasun zentroan egin behar izan dituzten moldaketak azaldu dizkigu eta oraindik ere arretaz aritzeko gomendioa egin digu herritarroi.
Astelehen honetan hasi da haurren Uda Aisiaren lehen txanda Itziarren. Herriko eta inguruko 4 urtetik 12ra bitarteko umeen udako aisialdi eskaintza da honakoa. Uztailaren 16an hartuko dio erreleboa bigarren txandak eta uztailaren 30 arte edukiko dute goizetako entretenimendua gaztetxoek.
Uztailaren 12an egin diren Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetan Deban bozkatzeko eskubidea duten 4.287 lagunetik 2.722k eman dute botoa. 36,51ko abstentzioa egon da, hortaz. Hurrengo taulan jaso dira mahaiez mahai bildutako emaitzak.
Atzotik aurrera (uztailak 16) Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan derrigorrezkoa da maskara erabiltzea. Horrekin batera Eusko Jaurlaritzak jakinarazi duenez, debekatuta dago gazteen lonjetan egotea. Horregatik, udalak hauek ixteko agindua eman du. Eta tabernetan gehienez ere 10 pertsonako taldeak batu daitezke.
Azken egunotan COVID-19ak eragindako egoerak okerrera egin duenez, hainbat neurri hartu dituzte administrazioek. Debako udalak eguneko zentroa itxi du eta hezkuntza zaintza sarea bertan behera utzi du aurreikusi baino astebete lehenago. Itziarko Auzo Udalak ere, bertan behera utzi ditu Uda Aisia udalekuak.
Garapenaren aldeko lankidetzarako diru-laguntzak norgehiagoka prozedura bidez esleitzeko 2020ko deialdia egin du Debako udalak. Eskaerak aurkezteko epea zabalik dago aurreikusten diren diru-laguntza lerro ezberdinetarako.
Abuztuaren 6an, 20an eta 27an, musika kontzertu bana eskainiko da Santa Maria elizan, 20:30ean. 37. Udako Musikaldia antolatu du Debako udalak Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntzarekin. Loreto Aramendi (organoa), Pablo Mezzelani (kantua, musika tresna etnikoak) eta Pedro Miguel Aginaga (biolina) musikariek eskainiko dute lehen kontzertua. Abuztuaren 20an txistu eta piano kontzertua eskainiko dute Garikoitz Mendizabalek (txistua) eta German Ormazabalek (pianoa). Aurtengo azken kontzertua, berriz, Paula Iragorrik (Mezzosopranoa), Elena Sanchok (Sopranoa) eta German Ormazabalek (pianoa) eskainiko dute. Edukiera mugatua egongo da, eta, kontzertuetara sartzeko gonbidapena beharko da. Uztailaren 27tik aurrera jaso ahal izango dira hauek turismo bulegoan. Izen-abizenak eta telefono zenbaki bat eskatuko dira gonbidapenak banatzerakoan.
Debako udal gobernuak baserriko produktuen salmentari merezi duen ikusgarritasuna eta balioa eman nahi dizkio. Merkatu duin baten alde eginez, indarrak batzeko eta orain baino modu duinagoan bistatzeko. Proposamen hori aurkezteko, salmenta zuzenean aritzen diren ekoizleekin bilera egin du uztailaren 23an.
Uztailaren 23an egin du Debako udalbatzak oporraldiaren aurreko azken osoko bilkura. Bertan landutako gai guztiak aho batez onartu dira.
Aspalditik zetorren akustika arazoari konponbidea jarri zaio bukatu berri den Luzaro eskolako jangelako obrarekin. Ikerketa akustikoa egin zen orain dela urte batzuk, eta emaitzen arabera, ikasle bazkaltiar eta jangelako langileek jasaten zuten zarata osasunerako kaltegarria zen. Honela, erabiltzaileen osasuna zainduko da.
Asteburuaren atarian, Debako udalak gogorarazi nahi du bizitzen ari garen osasun egoera zaila dela eta, COVID-19a hedatu ez dadin, beharrezkoa dela guztiok neurriak hartzea. Jakin badakigu konfinamenduan eman ditugun hilabeteak luzeak eta gogorrak izan direla, baina egindako ahalegin horrek balioa izan dezan, beharrezkoa da egoerak eskatzen duen eta osasun agintariek etengabe gogorarazten dizkiguten gomendioei jarraitzea.
Uda ezohiko honetan ere errespetuan, berdintasunean eta autonomian oinarritutako jarrerak sustatzeko helburuarekin, Debako udala “Beldur Barik Uda 2020: Eraso sexistarik gabeko uda baten alde” sentsibilizazio-kanpaina sustatzen ari da. Kanpainaren kartelak banatu ditu udalerriko tabernetan.
Osasun egoera dela eta, aurten ez da San Roke festarik ospatuko. Udaleko ordezkariek eta herriko eragileen ordezkariek bideo honetan azaldu dute.
Osasun Sailak atzo (abuztuak 18) egindako ur-analisiaren emaitzen arabera, Santiago eta Lapariko hondartzetako uretan enterococcus bakteriaren muga-kopurua gainditu egin da. Beraz, Osasun Sailak emandako jarraibideen arabera, bainua zein beste edonolako uretako kirol debekatuta egongo dira uraren kalitatea hobetzen den bitartean, bai hondartzetan eta baita itsasadarrean ere. Bihar beste lagin bat aztertuko du Osasun Sailak, eta emaitzen zain egon beharko da uraren kalitatea bainatzeko modukoa den ala ez jakin bitartean. Bitarte honetan kutsadura horren jatorria ere aztertzen ari da Osasun Saila
Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak jakinarazi berri duenez, atzo hartutako ur-laginaren emaitza ONA da. Beraz, beharrezko prozedura jarraituta, berehala irekiko dira Santiago eta Lapari hondartzak, eta bainua baimenduta egongo da.
PROIEKTUA: Bide publikoak, ibilbide balizatuak eta hiri-altzariak mantentzeko lana
Aste honetan Debako Santiago eta Lapari hondartzak itxi behar izan ditu Udalak bi egunez, Osasun Publikoaren bulegoak jakinarazitako enterokokoen kopuru altuagatik. Asteazkenean hartutako ur-laginaren emaitzak ondo eman ondoren, uraren kalifikazioa ona zela baieztatu zen, nahiz eta oraindik enterokokoen presentzia txikia egon.