Aste honetan hasiko dira Lastur eta Deba arteko kanala hobetzeko lanak

2025ko irailaren 24aAste honetan hasiko dira Lastur eta Deba arteko kanala hobetzeko lanak

Bi hilabetez, balio natural, historiko eta paisaia-garrantzia handiko ibilbidea berreskuratzeko lan egingo da. Jarduera Europako Next Generation EU funtsekin finantzatuta dago, eta lanak irauten duten bitartean kanala itxita egongo da, oinezkoen segurtasuna bermatze aldera.

Aste honetan hasiko dira Lastur eta Deba arteko PR-GI 44 kanalaren hobekuntza-lanak. Debako Udalak eta Debegesak sustatutako proiektu honek helburu du  Lerabiltzaileen segurtasuna bermatzea eta Euskal Kostaldeko Geoparkeko paisaia-garrantzia handieneko guneetako bat zeharkatzen duen ibilbideari balioa ematea, horretarako kanalaren irisgarritasuna eta segurtasuna hobetuz, eta, aldi berean, espazioaren jasangarritasun turistikoa hobetuz. Esku-hartzea Europar Batasunaren NextGenerationEU funtsen bidez finantzatutako Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planaren baitan kokatzen da.

Lanak bi hilabeteko iraupena eta 139.709,92 euroko aurrekontua izango dute, eta TXUKUN Lorazantza S.L. enpresak gauzatuko ditu.

Ibilbide historikoa berreskuratu, erabilera egokia bermatu eta ingurunea babestu

Debako herrigunetik Lasturko San Nikolas auzora bitarte, PR-GI 44 kanalak 5.910 metroko luzera du, eta bere ibilbidea, neurri handi batean, 1925ean eraikitako ur-eroanbide zahar baten ibilbideari jarraitzen dio. Panadero eta Freiberj ingeniariek diseinatutako kanal horrek funtsezko zeregina izan zuen Debako ur-horniduran eta tokiko energia elektrikoaren ekoizpenean. Gaur egun, ordea, azpiegitura egoera txarrean dago, estalkiak kaltetuak daudelako eta oinezkoentzat arriskutsuak diren puntu ugari daudelako.

Hori dela eta, egingo diren lanan artean bidea garbitu, sastrakak kendu eta pasabidea egokituko dira, eta egoera txarrean dauden puntuetan zoladura berria ere jarriko da. Era berean, portoiak eta abeltzaintzako itxiturak berrituko dira, eta informazio-panelak jarriko dira ibilbidearen hasieran, erdian eta amaieran, inguruko ondare natural eta kulturala ezagutarazteko.

Kanala itxita lanek irauten duten bitartean

Lanek izango duten irismena eta segurtasuna bermatzeko beharra kontuan hartuta, kanala itxita egongo da datozen bi hilabeteetan. Debako Udalak herritarrei zein bisitariei itxiera hori errespetatzeko eskatzen die eta sor ditzakeen eragozpenengatik ulermena eskertzen die.

Ekintza honen bidez, Debako Udalak turismo jasangarriaren aldeko apustua berresten du, natura-ondarea babestuz, ingurunearekiko erabilera arduratsua sustatuz eta, aldi berean, herritarren zein bisitarien gozamenerako azpiegiturak hobetuz.