Deba eta Itziar arteko N-634 errepidea uztailaren 7an zabalduko da berriro, semaforoz erregulatutako errei batekin
2025ko uztailaren 4aIrekiera 13:00etatik aurrera egingo da.
Deba eta Itziar arteko N-634 errepidea berriro irekiko da datorren astelehenean, uztailaren 7an, 13:00etatik aurrera, hainbat hilabetez eremua egonkortzeko lanak burutu eta segurtasun neurriak hartu ondoren.
Errepidearen irekieraren lehen fase honetan, semaforo bidez erregulatutako errei bakarra zabalduko da, erabiltzaileen segurtasuna bermatzeko, eremua behin betiko egonkortzeko lanek jarraitzen duten bitartean.
N-634 errepidea itxita egon da martxoaren 30az geroztik, lur-jausi batek eremuaren egonkortasuna arriskuan jarri zuelako. Horren ondorioz, Gipuzkoako Foru Aldundiak bi erreiak erabat ixtea erabaki zuen, arriskuak saihesteko prebentzio-neurri gisa.
Bitartean hartutako neurriak
Itxierak herritarrengan duen eragina arintzeko, Debako Udala, Itziarko Auzo Udala Gipuzkoako Foru Aldundia elkarlanean aritu dira eta hainbat neurri adostu eta hartu dituzte hilabete hauetan, hala nola Deba eta Itziar artean ibilbide alternatiboak jartzea, betiere tokiko ibilgailu baimenduei lehentasuna emanez, edo DB05 autobus-linearen ordutegiak aldatzea itxierara egokitzeko.
Udalak eskerrak eman dizkie herritarrei eragozpen honen aurrean azaldutako ulermenarengatik. Era berean, Foru Aldundiarekin koordinatuta lan egiten jarraituko du kaltetutako eremua behin betiko egonkortzeko eta errepidea ahal bezain laster ohiko egoerara bueltatzeko.