Debak bat egiten du Emakumeen Aurkako Indarkeria Ezabatzeko Egunarekin

2025ko azaroaren 25aDebak bat egiten du Emakumeen Aurkako Indarkeria Ezabatzeko Egunarekin

AZAROAK 25eko ADIERAZPENA EMAKUMEEN AURKAKO INDARKERIA  DESAGERRARAZTEKO NAZIOARTEKO EGUNA DELA ETA  

Indarkeria matxista oraindik ere bizi dugun errealitate larri eta onartezina da; emakumeen eta  nesken oinarrizko eskubideak urratzen ditu eta askatasun eta duintasunaren aurkako erasoa da.  Ez da arazo pribatu bat, gizarte osoaren ardura da, eta, ondorioz, erakunde publiko guztien  konpromiso irmoa eskatzen du. 

Debako Udalak 2025ean, emakumeen aurkako indarkeria matxistaren aurrean jarraitzen duen  konpromiso irmoa berretsi nahi izan du, eta horretarako ekintza ezberdinak egin ditu bai udal  barnean eta baita herriari begira ere. 

Debako Udalak, emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna sustatzeko, bere I.  Berdintasunerako Barne Plana egin du. Azken hilabeteetako lanaren emaitza da eta plan horrek  emakume eta gizonen arteko lan baldintza, kontziliazio, formakuntza eta erabakiak hartzeko  prozedurak eta neurriak ezartzen ditu besteak beste. 

Horrekin batera,sexu jazarpen eta sexuan oinarritutako jazarpenen aurkako protokoloa eratu da. Sexu-jazarpena eta sexuan oinarritutako jazarpena, lan-eremuan ager daitezkeen indarkeria  adierazpenak dira, generoan oinarritutako diskriminazioaren adibide, eta, aldi berean, oinarrizko  beste eskubide batzuen urraketa nabarmenak. Horrelako egoerekiko sentsibilizazioa eta  prebentzioa egiteko eta, egoera horiek gertatuz gero, erantzuna emateko sortu da protokoloa.  Protokoloaren markoaren baitan langileek sexu jazarpen eta sexuan oinarritutako jazarpenaren  inguruko formazioa jaso dute, gaian trebatu eta sentsibilizatzeko helburuarekin. 

Era berean, udan, hondartzan gertatzen diren eraso matxistei aurre egiteko protokoloa sortu  zen, sorosleei bideratutakoa. Hondartzan eman zitezkeen eraso matxistei aurre egin eta pertsona  erasotua laguntzeko jarraibideak biltzen zituen. Gainera, indarkeria matxistaren kontrako  mezuak zabaldu ziren uda garaian. 

Urtero hezkidetza programa jartzen dugu martxan Debako Luzaro eta Mendata ikastetxeetan,  haur eta gazteen artean,tratu onen eta sexu hezkuntzaren lanketa ezberdinak egiteko, indarkeria  matxistaren prebentzioa helburu dutenak. Programaren bidez, haur eta gazteek genero  berdintasunean oinarritutako baloreak barneratzen dituzte, eta horren inguruko hausnarketa  egiten dute. Haur eta gazteekin lan egitea ezinbestekoa da jendartean aldaketa sakonak  sustatzeko. 

Jaietan ere tabernetan eraso matxisten aurrean erantzuteko protokoloa banatzen dugu urtero.  Sentsibilizazio kanpaina ere egiten da kartel eta pegatina ezberdinak zabalduz eraso matxisten  kontrako mezuekin. Sexu Bizi puntu morea ere jarri zen abuztuaren 15ean.

Oraindik ere gauza asko daude egiteko indarkeria matxista ezabatzeko; ez da arazo konkretu bat  baizik eta arazo sozial bat, guztioi eragiten diguna. Horregatik, Debako udalak norabide honetan  jarraituko du lanean, indarkeria matxistaren kontrako sentsibilizazioan eta prebentzioan, emakumeen aurkako indarkeria guztien aurrean erantzun eraginkorrak emateko. Hau honela, Debako Udalak, bere ekintza eta politikekin, gizartearen inplikazioa eta indarkeria matxistaren  aurkako jarrera kolektiboa sustatzen jarraituko du honako konpromezuak hartuz: indarkeria  matxistaren kontrako kanpainak egiten jarraitzea, Berdintasunerako I.Barne Planean zehaztu  diren zenbait ekintza martxan jartzea, emakume eta neskentzako ahalduntze saioak antolatzea eta herritarrentzako sentsibilizazio eta prebentzio ekintzak martxan jartzea, besteak beste. 

Halaber, udal langileei eta arduradun politikoei formakuntza eskaintzen jarraituko du, eta  hezkidetza eta tratu onen aldeko hezkuntza-programak sustatzen, haur eta gazteekin gaiaren  inguruko lanketa egiteko. 

Azkenik, azaroaren 25aren bueltan egingo diren aldarrikapenekin bat egitera eta antolatu diren  ekintzetan parte hartzera animatu nahi zaituzte Udalak: Azaroaren 13an Nora Alkortak  “Amatasuna zeharkatzen duten indarkeriak” hitzaldia eskainiko du Kultur Elkartean, 18:30ean.  Azaroaren 30ean “Gregoria: Feminista jaio ala egin egiten da?” bakarrizketa izango dugu Beatriz  Egizabalen eskutik, Ispiluen gelan, 18:30ean. Azaroaren 25ean, 19:00etan, emakumeen  kontrako indarkeria desagerrarazteko eguna dela eta elkarretaratzea egingo da Foruen Plazan.