Debak NANa eta pasaportea izapidetzeko data berria du, abenduaren 11n
2025ko azaroaren 13aPolizia Nazionalaren Dokumentazio Mugikorreko Bulegoa Foruen Plazara itzuliko da egun horretan, debarrei funtsezko dokumentuen tramitazioa errazteko. Bertaratzeko, aldez aurretik hitzordua eskatu beharko da Herritarren Arreta Bulegoan, aurrez aurre edo 943 19 28 40 telefonora deituta.
Polizia Nazionalaren Dokumentazio Mugikorreko Bulegoak Deban izandako harrera ezin hobearen harira, Udalak debarrei zerbitzu hori eskaintzeko data berri bat kudeatzea lortu du. Izan ere, azaroaren 26ko 16 hitzorduak berehala agortu ondoren, beste egun bat ezarri da zerbitzua eskaintzeko: abenduaren 11. Egun horretan, beraz, Nortasun Agiri Nazionala (NAN) eta pasaportea izapidetzeko beste aukera bat izango dute debarrek, udalerritik kanpora joan beharrik gabe.
Unitate mugikorra Foru plazan egongo da, 9:30etik 13:00era. Azaroaren 26ko bezala, interesdunek aurrez eskatu beharko dute hitzordua, Udalaren Herritarren Arreta Bulegoan, aurrez aurre edo 943 19 28 40 telefonora deituta. Garrantzitsua da azpimarratzea ezingo dela hitzordurik eskatu WhatsApp bidez edo ofizialak ez diren beste kanal batzuen bidez.
Egun horretan, honako izapide hauek egin ahal izango dira:
NANa egitea edo berritzea.
Pasaportea egitea edo berritzea.
NANaren ziurtagiri elektronikoa aktibatzea.
NANaren kostua 12 eurokoa izango da, pasaportearena, berriz, 30 eurokoa. Izapidearen egunean bertan eskudirutan ordaindu beharko da. Ziurtagiri elektronikoa aktibatzea doakoa izango da. Familia ugariko titulua duten pertsonek tasak ordaintzetik salbuetsita egongo dira, dagokion dokumentazioa aurkeztuz.
Beharrezko dokumentazioa
Izapideak egiteko, ohiko dokumentazio ofiziala aurkeztu beharko da. Dokumentazio hori aldatu egiten da izapidearen arabera (berritu ala lehen aldiz egin). Kasu guztietan (lapurreta edo galeran ez ezik) ezinbestekoa da argazki bat eramatea, eta adingabeak badira, guraso batez lagunduta joatea. Edonola ere, kasu bakoitzean eman beharreko dokumentazioaren informazioa eskuragarri dago hemen.