Debak neguko kultur agenda aurkeztu du, programazio anitz bezain parte-hartzailearekin

2025ko urriaren 7aDebak neguko kultur agenda aurkeztu du, programazio anitz bezain parte-hartzailearekin

Programa urrian hasi eta urtarrilean amaitzen da, eta zinea, antzerkia, musika, bisita gidatuak eta proposamen herrikoiak hartzen ditu barne, hala nola Arimen Gaua, Basotik Txirrindulari Festa, Santa Zezilia eguna, Gabonak eta beste hainbat jarduera publiko guztientzat.

Debako Udalak neguko kultur agendaren berri eman du. Egitarau hori 2025eko urritik 2026ko urtarrilera luzatuko da, eta berriz ere kultur eskaintza zabala eta askotarikoa eskaintzen du, herritarren parte-hartzea sustatzeko.

“Neguko kultur agendak askotariko eskaintza jasotzen du, kultura-, artea- eta jai-jarduerak uztartuz, publiko guztiengana iristea nahi baitugu. Datozen hilabeteetan Debaz gozatzeko eta kulturaren eta komunitatearen arteko lotura indartzen jarraitzeko gonbidapena da”, adierazi du Alazne Txurruka alkateak.

Programak hileroko hitzordu gisa finkatutako jarduerak ditu, hau da, hilero errepikatzen direnak: irakurketa kluba, zinema zikloa, Geoparkera bisita gidatuak eta Ispilu(h)ari proposamen artistikoa. Horiez gain, hilero ekimen tematiko eta ekitaldi bereziak izango dira. 

Urria: Kultura, memoria eta aldarrikapena

Urria ekintza ugari eta dinamikoekin hasiko da. Arimen Gauak proposamen desberdinak jasokonditu, hala nola, herriko kaleetan egingo diren jarduerak, txapa salmenta eta kalabaza erronka. Nabarmentzekoak dira, halaber, Deba-Palestina herri ekimena, “Memorias Vivas” mikrofestibala — dokumentalekin, artisautza azokarekin eta kontzertuekin —, eta Basotik Txirrindularitza Festaren lehen edizioaren estreinaldia, txirrindularitza Debako inguru naturalera eramango duena.

Azaroa: Musika, hausnarketa eta oroitzapena

Azaroko programazioak ospakizun tradizionalak biltzen ditu, hala nola Santa Zeziliarena, bandaren eta musika eskolako ikasleen kontzertuekin. Era berean, Emakumeenganako Indarkeriaren Aurkako Nazioarteko Egunaren harira antolatutako aldarrikapen-ekitaldiak egingo dira. Horrez gain, organo-kontzertu bat izango da Gipuzkoako Organoak zikloaren baitan, eta Beatriz Egizabalen umore feministako bakarrizketa ere eskainiko da. Bestelako jarduerak ere izango dira, hala nola ipuin kontaketa eta Nahia Alkortaren hitzaldia: “Amatasuna zeharkatzen duten indarkeriak...”.

Abendua: Gabonetako magia Debako kaleetan

Hileroko jarduerez gain, abenduko programazioa Gabonen inguruan antolatu da. Balkoi, leiho eta fatxadak apaintzeko lehiaketa, Gabonetako azoka, Gabonetako kontzertua, Olentzero eta Mari Domingiren etorrera eta Gabonetako Haur Parkea izango dira ekintzetako batzuk. Ez da faltako San Silvestre lasterketa tradizionala, eta Euskararen Eguna ere ospatuko da, euskararen erabilera sustatzen duten kultur jarduerekin. 

Horrez gain, ipuin kontaketa saioa, euskarazko gospel kontzertua eta Ana Goitiaren eskutik umore saioa ere izango dira.

Urtarrila: Magiak jarraitzen du

Urte berriari hasiera eman eta kultur denboraldi honi amaiera emateko, bi hitzordu adierazgarri izango dira: Urte Berriko Azoka eta Errege Magoen Kabalgata. Hilabete honetan ere ipuin kontaketa saioa errepikatuko da.

“Kultura irisgarria, bizia eta parte-hartzailea izatea nahi dugu. Egitarau honek Udalak herritar orori kultur eskaintza anitza eskaintzeko duen konpromisoa erakusten du, proposamen herrikoiak, sorkuntza garaikideak eta adin guztientzako jarduerak batuz”, gaineratu du Alazne Txurruka alkateak.

Egitarau osoa HEMEN IKUSGAI