Debak Pasealeku Estalia berritzeko lanak abiatuko ditu tokiko merkaturako gune berri bilakatzeko
2025ko azaroaren 21aUdalerriaren erdigunea biziberritzea eta eraikin adierazgarri bat berreskuratzea helburu duen proiektu estrategikoa da, eta Europako Next Generation funtsen laguntzarekin gauzatuko da. Lanek sei hilabeteko iraupena izango dute.
Datorren astelehenean hasiko dira Hondartza kalean dagoen Debako Pasealeku Estalia birgaitzeko obrak, eraikin adierazgarri hori tokiko merkatu eta herritarrentzako topagune gisa berreskuratzeko.
Proiektuak Next Generation funts europarren finantzaketa du, Europar Batasunak bultzatutako suspertze eta eraldaketa esparruaren baitan. Jarduketa estrategikoa izango da udalerriarentzat, 1910ean eraikitako Debako eraikin berezienetako bat biziberritzeko eta haren kontserbazioa bermatzeko.
Esku-hartzeak eraikin osoaren zaharberritzea ekarriko du, balio historiko eta arkitektonikoa errespetatuz, eta etorkizunean merkatu estali moderno bat hartzeko prest egongo da. Hobekuntza estetikoa ez ezik, egiturazko eta irisgarritasun arazoei ere irtenbidea emango zaie, harrizko eta hormigoizko elementuak garbitu eta birgaituko dira, eta ur-hustubide sistema hobetuko da.
“Proiektu hau birgaitze-lan bat baino askoz gehiago da. Gure hirigunea biziberritzeko, tokiko merkataritza sustatzeko eta gure bizilagunentzat oroitzapen ugari eta garrantzi historikoa duen espazio bat berreskuratzeko apustua da”, adierazi du Debako alkateak, Alazne Txurrukak. “Europako funtsei eta Debegesaren zein Udalaren konpromisoari esker, gune hau herritarrentzako topagune biziago, dinamikoago eta erabilgarriago bihurtuko dugu.”
Aldi baterako aldaketak obren ondorioz
Obren hasiera dela eta, Pasealeku Estalian egiten den ohiko merkatua beste kokaleku batzuetara lekualdatuko da aldi baterako. Aldi horretan:
- -Produktu orokorren saltzaileak kioskoaren ondoan kokatuko dira, udan egiten den bezala.
-Herriko ekoizleek udaletxearen azpian egingo dute salmenta.
Jarduketa honekin, Debak urrats sendoa emango du bere ondarea hobetzeko, jarduera komertziala dinamizatzeko eta udalerri atseginago, irisgarriago eta aktiboago bat eraikitzen jarraitzeko.