Debako Udalak akordio historikoa lortu du Foru Aldundiarekin hondartzaren kudeaketa integralerako

2025ko maiatzaren 22aDebako Udalak akordio historikoa lortu du Foru Aldundiarekin hondartzaren kudeaketa integralerako

Akordio honek Udalak hondartzaren erabileraren kostua Aldundiak bere gain hartzeko egindako eskaerari erantzuten dio, modu horretara gastuak debarrei soilik eragin ez diezaien eta udalerriarentzat aurrezpen ekonomiko handia ahalbidetuz. Alazne Txurruka, Debako alkatea: Akordio hau Udalak gure herriarentzat eta herritarrentzat bidezko finantzaketa lortzeko egindako lanaren emaitza da. Aldundiarekin dugun lankidetzari esker, kalitatezko zerbitzuak bermatu ahal izango ditugu gure hondartzetan, kostua kostaldeko udalerriei soilik egotzi gabe.

Debako Udalak, Gipuzkoako kostaldeko gainerako udalerriekin batera, akordio estrategiko eta historikoa lortu du Gipuzkoako Foru Aldundiarekin, hondartzako zerbitzuen kudeaketa integralerako, modu horretara, udalerriarentzat aurrezpen ekonomiko handia lortuz. Akordio honek Udalak hondartza erabiltzearen kostua Aldundiak bere gain har dezan egindako eskaerari erantzuten dio, kostu horrek debarrei soilik eragin ez diezaien, orain arte bezala. 

Horrela, gaur goizean egindako Gipuzkoako Hondartzen Mahaian, Debak, Mutriku, Zumaia, Getaria, Zarautz, Orio eta Hondarribiarekin batera, akordio hori sinatu du. Dokumentua 2027ra arte egongo da indarrean, eta sorospen-, bainu egokitu- eta garbiketa-zerbitzuen finantziazioaren banaketa proportzionala egiten du, udalerriko biztanlerian oinarrituta.

Debako alkateak, Alazne Txurrukak, akordio honen garrantzia azpimarratu du: "Akordio hau gure herritarrentzat onuragarria izango den bidezko finantzazioa lortzeko Udalak egindako lanaren emaitza da. Aldundiarekin dugun lankidetzari esker, gure hondartzan kalitatezko zerbitzuak bermatu ahal izango ditugu, baina kostua ez da gure udalerriarengan bakarrik egotziko. Horrek aurrezpen handia ekarriko dio Debari eta debar guztion bizi-kalitatea hobetuko duten beste proiektu batzuetan inbertitu ahal izango dugu ". Era berean, alkateak adierazi du: "Azken bi urteetan EH Bildu gobernatzen ari den udalerritatik Foro Aldundira iritsi diren gutunetan Deba arrazoi politikoengatik kanpo geratu bazen ere, tinko eta gardentasunez lan egiten jarraitu dugu gure herriaren interesak defendatzeko. Akordio hau gure ingurunearen kudeaketa arduratsu eta iraunkorrarekin dugun konpromisoaren erakusgarri argia da".

Akordioaren nondik-norakoak

Gipuzkoako Foru Aldundiak eta kostaldeko udalerriek sinatutako akordioak konpromiso ekonomiko garrantzitsua ezartzen du hondartzetako funtsezko zerbitzuen finantzaketa eta kudeaketa egokia bermatzeko.

2026. eta 2027. urteetarako, Aldundiak 1.700.000 euro bideratuko ditu, besteak beste, sorospena, mugikortasun urriko pertsonentzako bainu egokitua, garbiketa eta hondartzetan beharrezkoak diren beste zainketa batzuk finantzatzeko. Laguntza ekonomiko hori udalerri bakoitzeko biztanleria kontuan hartuta banatuko da. Debaren kasuan (5.000 eta 10.000 biztanle artean ditu), Aldundiak bere gain hartuko du zerbitzu horien kostuaren % 75; horrek aurrezpen ekonomiko nabarmena ekarriko dio Udalari eta udalerriari. 

Bestalde, Aldundia zuzenean arduratuko da hondakinen bilketak eta kudeaketak eragindako gastuak ordaintzeaz, ez bakarrik hondartzetan, baita inguruko ingurune naturaletan ere, hala nola itsas- eta ibai-eremuetan. Neurri horrek eragin zuzena du ingurumen-jasangarritasunaren hobekuntzan eta espazio horiek guztiontzat garbi eta osasuntsu mantentzean.

Gainera, 2025. urterako 700.000 euroko partida bat bideratuko du Aldundiak, eta kostaldeko udalerrien artean banatuko da, proportzionaltasun-irizpide berberak aplikatuta (hau da, udalerri bakoitzaren biztanleria kopuruaren arabera). Laguntza ekonomiko gehigarri horrek aurtengo udan hondartzetako zerbitzuen finantzaketa indartzeko balioko du.

Azkenik, 2026tik aurrera, zaintza, salbamendu, laguntza eta bainu lagundurako zerbitzuen kontratazioa modu zentralizatuan kudeatuko da Foru Aldundiaren Erosketa Zentralaren bidez. Zentralizazio honek kontratazio eraginkorragoa eta koordinatuagoa erraztuko du, Gipuzkoako hondartza guztietan kalitatea eta segurtasuna bermatuz.