Horrela inbertituko dira 200.000 euro udalerrian, aurrekontu parte-hartzaileei esker
2025ko uztailaren 2aEskailera mekanikoak konpondu eta estaltzea eta kioskoko bainuak konpontzea izan dira 18.000 eurotik gorako proposamen bozkatuenak eta hondartzako eta ibaiko pasealekuan iturriak jartzea, gimnasioan hobekuntza orokorrak egitea, kontzertuen urteko programazio-proposamen bat eta inauterietan erromeria bat egitea 18.000 eurotik beherako multzoko bozkatuenak. Alazne Txurruka, Debako alkatea: Udaletik, eskerrik beroenak beren proposamen eta botoekin parte hartu duten herritar guztiei, baita udaleko teknikariei eta Berme Batzordeari ere. Prozesu honek argi eta garbi erakutsi du guztiok gure udalerria hobetzeko dugun konpromisoa.
Debako Udalak arrakastaz amaitu du aurrekontu parte-hartzaileen lehen prozesuaren bozketa-fasea. Prozesu hau mugarri garrantzitsua da baliabide publikoen erabilerari buruzko erabakiak hartzeko garaian herritarren partaidetza sustatzeko. Hala, horri esker, debarrek erabaki dute zertan inbertituko diren, 2026 eta 2027 artean, Udalaren aurrekontuko 200.000 euro.
Prozesu parte-hartzailea eta gardena
Ekimena urte hasieran hasi zen, proposamenak aurkezteko fasearekin. Urtarrilaren 30etik otsailaren 17ra bitartean, herritarrek 438 proposamen aurkeztu zituzten, eta Udaleko teknikariek eta Berme Batzordeak guztiak baloratu eta lehenetsi zituzten. Berme Batzordeak gainera, herritarren bizi-kalitatea eta osasuna hobetzera bideratutako hautaketa-irizpideak ezarri zituzten aurrez, ahalik eta pertsona gehienei mesede egingo zieten ideiak lehenetsiz.
Bozketa-fasea
Bozketa fasea maiatzaren 21etik ekainaren 4ra bitartean egin da, eta 633 boto izan ditu guztira. Horietatik 293 boto online jaso dira, eta 132 aurrez aurre; aldiz, 208 boto herriko ikastetxeek eman dituzte; azken hauek modu aktiboan parte hartu dute bai proposamen zein bozketa fasean ere.
Debako herritarrek hainbat proposamenen artean aukeratu ahal izan dute, bi multzotan banatuta: 18.000 eurotik gorako proposamenen multzoa eta kopuru horretatik beherakoena. Prozesua herritarrek udalerriaren hobekuntzan duten inplikazioaren adibide argia izan da.
Proposamen bozkatuenak
Bozketaren ondoren, proiektu hauek aukeratu dira hurrengo urteetan aurrera eramateko:
18.000€-tik gorako proposamenak
Eskailera mekanikoak konpondu eta estaltzea: 354 boto
Kioskoko komunak konpontzea: 219 boto
18.000€ baino gutxiagoko proposamenak
Hondartzako pasealekuan eta ibaian iturriak jartzea: 426 boto
Hobekuntza orokorrak gimnasioan: 384 boto
Kontzertuen urteko programazioaren proposamena: 379 boto
Erromeria inauterietan: 288 boto
Debako alkate Alazne Txurrukak eskerrak eman nahi izan dizkie prozesu hau posible egin duten guztiei: "Udaletik, gure eskerrik beroenak adierazi nahi dizkiegu euren proposamen eta botoekin parte hartu duten herritar guztiei. Prozesu hau debarrek gure udalerria hobetzeko duten konpromisoaren adierazle argia izan da. Era berean, biziki eskertzen dugu Udaleko teknikarien lana, banan-banan aztertu baitituzte proposamen guztiak dedikazio eta gardentasunez. Eta, jakina, eskerrak eman nahi dizkiogu Berme Batzordeari, prozesuaren neutraltasuna une oro zaindu duelako, guztia ezarritako printzipioen arabera egin dela ziurtatuz ", amaitu du alkateak.
Orain, beraz, prozesu honen azken urrats gisa, Udalak datozen bi urteetan gauzatuko ditu herritarrek gehien bozkatutako proposamenak, eta, horrela, beste behin ere, debarrei ahotsa emango die Deba bizitzeko udalerririk onena eraikitzeko bidean.