Itziarko Periak 30. edizioa ospatuko du larunbat honetan, azaroak 1
2025ko urriaren 28aAzoka goizeko 9:00etan irekiko da, eta aurtengo edizioaren berezitasunak herri tonbola eta sagargintza erakusketa izango dira. Era berean, 13:00etan, hasierako antolatzaileei omenaldia egingo zaie.
Azaroaren 1a Itziarrerentzako egun berezia izaten da. Santu Guztien eguna ospatzeaz gain, egun horretan Itziarko Peria ospatzen da. Aurten, hogeita hamargarren edizioa izango da, eta ibilbide luze eta oparoa ospatzeko, hainbat berrikuntza prestatu dituzte antolatzaileek. Denborarekin, Gipuzkoako azokarik garrantzitsuenetakoa bihurtu da, eta urtero jendetza handia erakartzen du inguruko herrietatik, industrialdeko gunea guztiz betez.
Antolatzaileek egindako bidea azpimarratu nahi izan dute, baina eskaintza zabaletik harago, azpimarratu dute azoka honen benetako balioa "auzolanean sortu eta eraikitako ereduan" dagoela. Herritar ugarik parte hartzen dute, ez bakarrik egunean bertan banatzen diren lanetan, baita aurretik egiten diren bileretan eta prestaketa lanetan ere.
Itziarko Periaren lehen edizioa 1994an ospatu zen, Itziarren fundazioaren 700. urteurrenaren harira antolatutako egitarauaren baitan. Hasiera hartan, ganadu erakusketa izan zen oinarri, eta testuinguru hartan lehen sektorea bizirik zegoenez, Itziarko baserrietako abere eta lehengaiak, bertako produktuak eta makineria nahikoa izan ziren azokari izaera sendoa emateko. Azokaren helburua auzolana bultzatzea, nekazari kultura jendarteratzea eta, aldi berean, herrigintza prozesuen gastu burokratikoak ordaintzeko eta herriko premietarako finantziazio iturriak finkatzea zen.
Urte batzuk geroago, 2014an, Itziarko Peria Batzordea sortu zen, eta ordutik herritar talde batek hartu du antolakuntzaren ardura. 2015ean Itziarko Auzo Udala eratu zenetik, erakunde horren babesa ere jaso du, urteko jarduera nagusietako bat bilakatuz. COVID-19aren ondorioz bi edizio bertan behera utzi behar izan ziren arren, gainerako urte guztietan etengabe ospatu da.
Azoka goizeko 9:00etatik 14:00etara izango da. Ohiko azoka-eskaintzarekin batera —bertako produktuen salmenta eta erakusketa, baserriko makinaria, abeltzaintza, hegaztiak, artisautza, arropa, kinkileria, talogileak eta jan-edana—, aurten bi berrikuntza nagusi nabarmenduko dira.
Era berean, Euskal Herriko Sasi Ardien VII. Txapelketa eta Gipuzkoako Ahuntz Azpigorrien VII. Txapelketa egingo dira, azken horren sari banaketa 13:00etan izango delarik. Bestalde, Asteasutik ekarritako baserri tresna zaharren erakusketa egongo da ikusgai, eta Euskal Abereak Elkartearekin lankidetzan, bertako ganadu arraza ezberdinak ezagutzeko aukera ere izango da. Gipuzkoako Baso Elkarteko teknikariek informazio mahaia jarriko dute baso kudeaketari buruzko azalpenak emateko.
Aurtengo berezitasunak: herri tonbola eta sagargintza erakusketa
Urte batzuk atzera egin zen moduan, herri tonbola berreskuratuko dute aurten, Itziarko Lizarbe Guraso Elkartearen eskutik. Herritarrek eta hainbat eragilek musutruk eskainitako produktuak eta zerbitzuak jarriko dira enkantean: inguruko ostalaritzako otorduak, nekazalturismo egonaldiak, artisauen lanak, dendetako produktuak, denborapasa opariak, eta bestelako ekarpen eta eskulanak. Antolatzaileek jasotako irrika eta eskuzabaltasuna nabarmendu dute, eta tonbolaren irabaziak Itziarko Eskola Txikia sortzeko prozesuari laguntzeko erabiliko direla azaldu dute.
Beste berrikuntza nagusia sagargintza eta sagardogintza erakusketa izango da, antolatzaileen esanetan, Gipuzkoan orain arte egindako handiena. Itziar sagardogintzaren paraje historikoa da, eta horren adierazle dira oraindik martxan dauden hainbat tolare. Erakusketa honen helburua sagar eta sagardo kulturaren transmisioa eta sustapena da, Usurbilgo Alkartasuna Kooperatiba, Fruitel (Gipuzkoako fruitagintzaileen elkartea), eta Euskal Sagardoa Jatorri Deitura (DO) zigiluaren babesarekin.
Erakusketa hau Euskal jatorriko 135 sagar barietatek osatuko dute, bai sagardotarako zein jan-sagarrak izango direnak. Horiez gain, sagar bilketa eta ustiapenerako makinaria ere ikusgai egongo da, eta baita sagarrondo txertaketa mota ezberdinen erakusketa ere. Ekimen honen aurretik, urriaren 30ean (osteguna), 19:00etan, Burugorrin, Aitor Etxehandia Fruitel elkarteko teknikariak hitzaldia eskainiko du, “Euskal sagar barietateak eta oinarrizko zaintzak” izenburupean.
Omenaldia hasierako antolatzaileei
Edizio borobil hau baliatuz, 1994an Itziarko Peria sortu zuten eta lehen urteetan lan handia egin zuten herritarrei omenaldia egingo zaie. Antolatzaileek urte luze hauetan herritar ugariren isilpeko lana izan dela giltzarria azpimarratu dute, eta hasierako antolaketa hark izen-abizen konkretuak izan zituela: Herria Sortzen ekimeneko juntako kideak eta lehen boluntario bultzatzaileak. Omenaldia eguerdiko 13:00etan izango da, ohiko eszenatokian.
Azkenik, Itziarko Peria Batzordeak herritar guztiak gonbidatu nahi ditu egun berezi honetan parte hartzera. Ekitaldia egokia izango da bai helduentzat bai haur eta familientzat. Auto pilaketak saihesteko, garraio publikoa erabiltzeko deia egiten dute: Lurraldebus DB03 eta DB05 lineak ohiko ordutegiarekin ibiliko dira, eta Txitxarro dantzalekuko aparkalekua zabalik egongo da, handik azokara goiz osoan ibiliko den autobus zerbitzua erabiliz mugitzeko.