Merkatu txikia izango da larunbat honetan Plaza zaharrean

2026ko ekainaren 4aMerkatu txikia izango da larunbat honetan Plaza zaharrean

Oraingoan parte hartuko dute: Doniene, Kortaberri, Zortziko, Goienetxe eta Mañeko. Landaolaren eta Gipuzkoako azoken sarearen eskutik, Azokatik mahaira: “Sukaldean behin” tailerra egingo da 11:00etan

Larunbatean, ekainak 6, Debako Merkatu Txikia egingo da, bertako ekoizleen produktuak jasotzen dituen merkatua, alegia. 09:00etatik 12:30ak arte egingo da, plaza zaharrean. Musikaz girotuta egongo da, eta bertaratzen direnek tokiko produktuak erosteko aukera izango dute.

Larunbateko Merkatu Txikian, hain zuzen, Doniene, Kortaberri, Zortziko, Goienetxe eta Mañekoko ekoizleek hartuko dute parte. Ekimen honen bitartez, helburua da tokiko produktuen salmenta sustatu eta ekoizleen lana balioan jarri eta indartzea, debarren zein bisitarien artean.

Azokatik Mahaira “Sukaldean Behin” tailerra

Azokatik Mahaira: Sukaldean Behin tailerra antolatu du Gipuzkoako  Azoken Sareko lan taldeak Debako udalarekin elkarlanean. Nutrizio eta  sukaldaritza tailer berezia ekainak 6, larunbata goizeko 11etan azoka  bertan; herritarrei eguneroko elikadura modu erraz, osasungarri eta  iraunkorrean antolatzeko tresnak eskaintzeko helburuarekin.  

Proposamenaren ardatza argia da: egun bakarrean, bi ordutan, aste  osorako janaria prestatzea.  

Tailer honetan parte hartzen dutenek; sukaldean denbora optimizatzen  ikasiko dute, aldi berean dieta orekatu eta osasungarria bermatuz.  Horretarako, bertako eta garaiko produktuak erabiliko dira, tokiko  ekoizleen lana balioan jarriz eta kontsumo arduratsua sustatuz. 

Saioa, Anne Otegi sukaldariak eta Aitziber Aizpuru nutrizionistak gidatuko dute, sukaldaritzaren eta elikaduraren ikuspegi osagarriak  uztartuz. Haien eskutik, parte hartzaileek aholku praktikoak eta  egunerokoan aplikatzeko moduko errezetak jasoko dituzte. 

Ekimen hau Landaolak Gipuzkoako Landa Garapen Elkarteen  Federazioak antolatzen du Gipuzkoako Azoken Sarea parte den Debako  Udalarekin elkarlanean, landa garapena eta tokiko ekonomia sustatzeko  helburuarekin. 

Tailerrak aukera paregabea eskaintzen du elikadura ohiturak hobetzeko,  denbora aurrezteko eta aldi berean, inguruko produktuen balioa  ezagutzeko.  

Nekazal azoka indarberritzea tokian tokiko azoka guztien helburua da,  eta egitasmo honen bidez, indarberritze horretan eragitea lortu nahi da.  Hala, saio honetan, zuzenean ikasi ahalko da garaian garaiko produktuak  kontuan hartuta etxean modu azkarrean eta erosoan errezetak egiten,  ohiko plateretatik pixka bat urrundu eta egunerokotasunean kontsumitu  daitezkeen bertako elikagaiak modu erakargarriago batean prestatzen. 

Osasuntsu jateak duen garrantzia ere azpimarratu nahi da, eta elikagai  bakoitzak nutrizionalki dituen abantailak jakiteaz haratago, osasuntsu  nola elikatu ikasteko aukera ere egongo da.

Tailerrean ez da izen eman beharrik izango, bertaratzearekin nahikoa da.  Saioan, egun horretan sukaldatutako platera dastatzeko aukera egongo  da, eta Azokatik Mahaira: Sukaldean Behin tailerrean egingo diren  errezetak eta nutrizio aholkuak ere banatuko dira.