Merkatu txikia larunbatean, martxoak 7an, Plaza zaharrean egingo da eta nutrizio eta sukaldaritza tailerra ere izango da

2026ko martxoaren 3aMerkatu txikia larunbatean, martxoak 7an, Plaza zaharrean egingo da eta nutrizio eta sukaldaritza tailerra ere izango da

Estalitako pasealekuko lanak direla eta, Merkatu txikia Plaza zaharrean egingo da, 09:00-12:30 bitartean. Oraingoan parte hartuko dute: Kortaberri, Zortziko, Mañeko, Marieta tea, Toni el Riquet laranja ekoizlea, Castellonetik etorriko dena. Gipuzkoako azoken sarearen eskutik, nutrizio eta sukaldaritza tailerra egingo da 11:00etatik aurrera.

Larunbatean, martxoak 7, Debako Merkatu Txikia egingo da, bertako ekoizleen produktuak jasotzen dituen merkatua, alegia. 09:00etatik 12:30ak arte egingo da, plaza zaharrean. Musikaz girotuta egongo da, eta bertaratzen direnek tokiko produktuak erosteko aukera izango dute.

Larunbateko Merkatu Txikian, hain zuzen, Kortaberri, Zortziko, Mañeko, Marieta tea, Toni el Riquet laranja ekoizleek hartuko dute parte. Ekimen honen bitartez, helburua da tokiko produktuen salmenta sustatu eta ekoizleen lana balioan jarri eta indartzea, debarren zein bisitarien artean.

Azokatik Mahaira nutrizio eta sukaldaritza tailerra

Gipuzkoako azoketara kontsumitzaile berriak erakartzeko helburuarekin, ekintza berri bat jarri du martxan Gipuzkoako Azoken Sarea lantaldeak Debako Udalarekin elkarlanean: Azokatik Mahaira nutrizio eta sukaldaritza tailerrak. Azken urteetan aldatzen ari da kontsumitzaileek azokekiko duten harremana eta honek aukera bikainak irekitzen ditu kontsumitzaile berri eta gazteagoak erakartzeko espazio hauetara.

Hala, bertako eta garaiko produktuak ezagutzera eman eta horiek balioan jartzeko, nutrizio eta sukaldaritza tailerrak egingo dira Gipuzkoako 11 azoketan, Anne Otegi sukaldariak eta Aitziber Aizpuru nutrizionistak gidatutako saioak izango dira. 

Tailerra herritar guztiei irekia izango da, eta parte hartzeko nahikoa izango da azokara gerturatzea. Tailerra 11:00etan hasiko da, eta ordu eta erdi inguruko iraupena izango du. 

Tailerrak hiru helbururi erantzutea du xede: azoketara kontsumitzaile berriak erakartzea, bertako eta garaian garaiko produktuak kontsumitzeak dituen onurak azpimarratzea eta xahuketa ekiditea. 

Herriko nekazal azoka indarberritzea ezinbestekoa da, eta egitasmo honen bidez, indarberritze horretan eragitea lortu nahi da. Hala, tailerrean zuzenean ikasi ahalko da garaian garaiko produktuak kontuan hartuta etxean modu azkarrean eta erosoan errezetak egiten, ohiko plateretatik pixka bat urrundu eta egunerokotasunean kontsumitu daitezkeen bertako elikagaiak modu erakargarriago batean prestatzen. 

Osasuntsu jateak duen garrantzia ere azpimarratu nahi da, eta elikagai bakoitzak nutrizionalki dituen abantailak jakiteaz harago, osasuntsu nola elikatu ikasteko aukera ere egongo da. 

Esan bezala, elkarlanean gidatuko dute saioa Anne Otegi sukaldariak eta Aitziber Aizpurua nutrizionistak. Otegi Bergarako Oxirondo azoka gaurkotzeko sortutako Elikaenea proiektuko kidea eta sukaldaria da. Aizpuru, berriz, Azpeitiko Eliku zentroko arduraduna da. Elkarlan horretan, egunerokotasunean sukaldatzerakoan edo elikatzerakoan kontuan hartzeko hainbat aholku ere emango dituzte saioetan. 

Tailerrean sukaldatutako platera zuzenean dastatzeko aukera egongo da saioaren amaieran. Azokatik Mahaira egitasmoaren barruan antolatu diren sukaldaritza tailerretan egingo diren errezetak eta nutrizio aholkuak ere banatuko dira.