Mural berri baten inaugurazioa Sokagin kalean bihar 12:30ean
2024ko ekainaren 14aHaitz-haundi elkarte artistikoak proposatuta, Erdi Aroko sokak egiteko makina bat irudikatzen duen mural bat margotu dute Sokagin kalean. Udal ordezkariek, Haitz-haundi elkarte artistikoko kideek eta Albaola Itsas Faktoriako kideek parte hartuko dute horma-irudiaren inaugurazioan.
Haitz-haundi elkarte artistikoko margolariek proposatuta, horma-irudi bat margotu dute Sokagin kalean, Erdi Aroan sokak egiteko erabiltzen zen makina bat irudikatzen duena. Mural berri honen inaugurazioa bihar izango da, ekainak 15, larunbata, 12:30ean.
Alazne Txurruka alkatea, udal ordezkariak, Haitz-haundi elkarte artistikoko kideak eta Albaola Itsas Faktoriako ordezkariak izango dira bertan. Izan ere, Albaolak San Juan ontzirako berriki egindako sokak egiteko makina baten erreplikaren erakustaldia egingo da.
Inaugurazioan, azalpen totem bat ere jarriko da kaleari buruzko informazioarekin. Totem hori Kalez kale informazio-panelen zirkuituan sartuko da. Herrigunean zehar dauden informazio panel horiek herriaren historia eta eboluzioa ezagutarazten diete bisitariei ibilbide autogidatu baten bitartez.
Sokagin kalea
1343an Montreal de Deva sortu zenetik, gure historia itsasoari lotua egon da. Zehatzago esanda, merkataritza-nabigazioari, arrantzari eta balearen ehizari.
Antzinako itsasontzietan sokak ezinbesteko elementuak ziren. Ontziak lotzeko, mastak eta bergak armatzeko eta belak igo eta jaisteko erabiltzen ziren; baleei jaurti eta haiek zauritzeko txalupetan eramaten zituzten arpoiak ere sokekin lotzen zituzten.
Sokak kalamuz egiten ziren, zuntzak txirikordatuz, nahi zuten lodiera lortu arte, eman nahi zioten erabileraren arabera.
Kalamua gehienetan Errioxatik edota Gaztelatik ekartzen zuten. Oso ohikoa zen lur haietara joaten zirenean mandazainek eta merkatariek balea-gantza, bakailao gazia edo eskabetxeak eramatea, eta bueltan hain preziatua zen kalamua ekartzea.
Sokak egiteko toki zabala behar zen. Horregatik, hiribilduko hesi edo harresietatik kanpo egiten zen lan hori; hau da, hareatzan.