San Roke jaiei ongietorria emateko prestatzen ari da Deba, ekintzez beteriko egitarauarekin

2025ko uztailaren 30aSan Roke jaiei ongietorria emateko prestatzen ari da Deba, ekintzez beteriko egitarauarekin

Abuztuaren 14tik 18ra, Deba eta debarrak jai giroan murgilduko dira San Rokeak ospatzeko, eta Manolo Pascualek emango die hasiera aurten, ohiko txupinazoaren jaurtiketarekin. Programa osoa Debako Turismo Bulegoan dago eskuragarri; ekintza eta ekitaldi desberdinetarako sarrerak, halaber, abuztuaren 4an jarriko dira salgai, Turismo Bulegoan ere.

Bi aste besterik ez dira geratzen Debako kaleak musikaz, alaitasunez eta jai giroz betetzeko, herriko jaiak, San Rokeak, ospatzeko alegia.

Urtero bezala, jaiak abuztuaren 14tik 18ra bitartean ospatuko dira, eta, horren harira, Debako Udalak jendaurrean aurkeztu du gaur guztiontzat antolatutako programa, haur, gazte zein helduentzako ekintza eta ekitaldi andanarekin.

Jaien preludio gisa, abuztuaren 13an desenkajonamendua ospatuko da, 18:00etan, eta San Rokeak, abuztuaren 14an abiatuko dira, arratsaldeko 18:00etan, ohiko txupinazoaren jaurtiketarekin. Aurten, Manolo Pascual izango da txapligua jaurtitzearen arduradun, 25 urte betetzen baitutu Debako danborradaren Danbor Nagusi gisa. Keinu honek bere dedikazioa eta udalerriko tradiziorik maite eta errotuenetako bati egindako ekarpena aitortzen ditu. Ondoren, musika bandak, txistulariek, Lizarrako gaiteroek, erraldoiek eta buruhandiek herriko kaleak girotuko dituzte eta eguna amaitzeko danborrada eta leheneo erromeria egingo dira azken hau Zumardiko karpan, Mugi Panderoaren eskutik.

Umeen Eguna abuztuaren 15ean ospatuko da, etxeko txikienentzako jarduera bereziekin: haurrentzako entzierroa, jolasak, "Pon Ta Pa" ikuskizuna, kalejira dantzariekin, danbolindariekin, panderojoleekin eta erraldoi txikiekin, playback lehiaketa, haur eta gazteen bazkaria... Azken honetan, gainera, aurten lehen aldiz, catering zerbitzua eskainiko da. Horrez gain, artisautza azoka, danborrada eta erromeria izango dira Plaza Zaharrean, 20:00etan Oinutsik elkartearen eskutik. Eguna amaitzeko, Larru Beltzak eta Brigade Loco taldeen kontzertuak izango dira 23:00etatik aurrera Zumardiko karpan. Ekintza horiek guztiak, Umeen Eguneko anotlatzaileekin elkarlanean antolatu dira.

Eguerdian, halaber, alkateak zapi gorria jarriko die 2024ko abuztuaren 1etik 2025eko uztailaren 31ra bitartean jaiotako haurrei, udaletxeko osoko bilkuren aretoan.

Bestalde, egun horretan bertan "Sexu-bizi babesgunea" ere jarriko da Zumardian 23:00etatik 02:00etara, errespetuan oinarritutako eta indarkeriarik gabeko jai parekideak sustatzeko.

Abuztuaren 16an, San Roke Eguna, musika bandaren eta Lizarrako gaiteroen dianak emango dio hasiera egunari goizeko 07:00etan. Ondoren, 8: 00etan entzierroa egingo da (18 urtetik gorakoentzat) eta ondoren enbolatua (16 urtetik gorakoentzat). Amaitu ostean, Gure Kai Dantza Taldeak lagundurik, San Rokeren irudiari agurra egingo dio herriak. Eta goiza amaitzeko, prozesioa egingo da San Roke ermitaraino, eta ondoren meza nagusia ospatuko da. Arratsaldean, zezenketa tradizionala egingo da, eta, ostean, enbolatuak. Eguna amaitzeko, Miruak kontzertua eskainiko du 20:00etan, su artifizialen ikuskizuna egingo da hondartzan 23:00etan, Pirotecnia Zaragozanaren eskutik, eta Mariachi Imperial, elegancia mexicana taldearen emanaldiak emango dio amaiera egunari Alamedako karpan 23:30ean.

Abuztuaren 17an Mariñel Eguna izango da: herri bazkaria, koadrilen arteko jolasak, gaitero eta txarangen kalejira, elektrotxarangak eta Larrain dantza gauerdian; amaitzeko Txopet eta Lukiek taldeen kontzertuak. Horren aurretik, su artifizialak izango dira berriz ere hondartzan, 23:00etatik aurrera, Vulcano pirotekniaren eskutik.

Abuztuaren 18an amaituko dira jaiak, ohiko entzierroarekin eta azken zezenketarekin. Horrez gain, haurrentzako jolasak, herri kirolak, txarangak, erraldoi eta buruhandien agurra eta danborrada izango dira. Eguna eta jaiak amaitzeko, San Rokeri zapi gorria erantziko zaio.

Gaueko autobus zerbitzua jaietan

Era berean, abuztuaren 14tik 17ra, Deba, Itziar eta Zumaia arteko gaueko autobus-zerbitzua eskainiko da lehen aldiz, jai seguruez gozatzeko eta ibilgailu pribatuen erabiltzea saihesteko. Udalak laster emango du autobus horien ordutegien berri.

Sarrera eta programen salmenta

Programa osoa Debako Turismo Bulegoan dago eskuragarri, astelehenetik larunbatera 10:00etatik 14:00etara eta 15:00etatik 19:00etara, eta igande eta jaiegunetan 10:00etatik 14:00etara. Programa handiek euro bateko kostua dute eta doako esku-programa bat dute opari.

Dena den, desenkajonamendurako, zezenketetarako edota Mariñel Eguneko bazkarirako sarrerak abuztuaren 4an jarriko dira salgai, hauek ere Turismo Bulegoan.  

Errespetuan eta berditasunean oinarritutako jaiak

Debako Udalak lanean dihardu udalerrian indarkeria matxista desagerrarazteko eta herritarren segurtasuna bermatzeko, egunerokoan zein jaietan. Bide horretan, Udalak jaiak berdintasunean eta errespetuan oinarrituta bizitzeko deia egiten du, egun horietan ere, emakume eta LGTBIQA+ kolektiboko pertsonen askatasuna eta debar ororen segurtasuna bermatzeko helburuarekin.

Horrez gain, abuztuaren 15ean, ‘Sexu-bizi babesgunea’ zerbitzua ere eskainiko du gauez, 22:00-01:00 bitartean, Zumardian.

Udalak herritar guztiak gonbidatzen ditu egun hauetaz errespetuz eta harmoniaz gozatzera, herriko jaiak elkarrekin ospatuz.

Gora San Rokeak! Gora Deba!

Ikusi egitaraua