Uda honetan ere ‘Bertatik bertara’ kanpaina egingo du Debako Udalak, UEMAk hala proposatuta, bisitariei eta zerbitzu sektoreko eragileei euskararen garrantzia ikusarazteko

2025ko uztailaren 8aUda honetan ere ‘Bertatik bertara’ kanpaina egingo du Debako Udalak, UEMAk hala proposatuta, bisitariei eta zerbitzu sektoreko eragileei euskararen garrantzia ikusarazteko

Bisitariek eta zerbitzu sektoreko arduradunek zein langileek euskara aintzat har dezaten, kanpaina abiatuko da udan. UEMAk mahai-gainekoak, hizkuntza anitzeko diptikoak eta euskarazko musika zerrendak banatuko ditu, ostalaritza sektorearen tokiko hizkuntza sustatzen laguntzeko.

Dagoeneko martxan da bisitariak zein bisitariekin harremana duten zerbitzu sektoreko arduradunak eta langileak euskara aintzat hartzera gonbidatzeko UEMAren “Bertatik Bertara” kanpaina udalerri euskaldunetan. 

Horretarako hainbat baliabide eskainiko dituzte UEMAk eta bertako kide diren dozenaka udalek, horien artean Debak: 300.000 mahai-gaineko inguru banatuko dituzte ostalarien artean, gurea euskararen herria dela nabarmentzen duen diptikoa zabalduko dute turismo bulegoetan eta bisitariak hartzen dituzten guneetan, eta merkatariek eta ostalariek zerbitzua euskaraz emateko baliabideak jasoko dituzte. Aurten, gainera, ohiko hiztegi txikiez gain, euskarazko kultura eta musika ikusarazteko musika zerrendak ere prestatu ditu UEMAk: bidaiaren soinu banda bisitarientzat, eta euskarazko musikarekin osatutako zerrendak denda, taberna zein jatetxeetarako. 

Hainbat garapen agentziak ere egingo dute bat kanpainarekin, aurreko urteetan bezala. Gaur hasi eta irailaren erdialdera arte izango da kanpaina.

Bertatik Bertara kanpainarekin, zera nabarmendu nahi du aurten ere UEMAk: bertako produktuen, paisaiaren eta gainerako eskaintza zabalaren artean, udalerri euskaldunen nortasuna egokien islatzen duena euskara dela.

KANPAINAREN EUSKARRIAK

Taberna eta jatetxeetarako mahai-gainekoa

Herriko taberna eta jatetxeetan banatutako mahai-gainekoetan, bisitarientzako oinarrizko hiztegia eta euskarazko musika zerrendarako sarbidea ematen duen QRa ikus ditzakegu; baita kanpainaren nondik norakoa azaltzen duen testu labur bat ere. Era berean, sei euskal herritarren bideoetarako QRak ere biltzen ditu mahai-gainekoak, azalpenak sei hizkuntzatan entzun ahal izateko.

  • Euskaraz, Leioan jaio eta Azpeitian bizi den Mari Marron.

  • Gazteleraz, Argentinan jaio eta Markina-Xemeinen bizi den Lucia Conzi.

  • Katalanez, Herrialde Katalanetan jaio eta Oiartzunen bizi den Maria Manera.

  • Galegoz, Zarautzen jaio baina guraso galiziarrak dituen eta ama-hizkuntzari eusten dion Begoña Rey.

  • Frantsesez, Frantzian jaio eta Arbizun bizi den Laurent Richard.

  • Ingelesez, Alaskan (AEB) jaio eta Asteasun bizi den Ashlyn Simmons.

Bisitarientzako diptikoa

Turismo bulegoetan zein bisitariak hartzen dituzten ostatu, landetxe eta antzekoetan zabaltzeko diptikoak ere prestatu ditu UEMAk, mahai gainekoan agertzen diren sei euskal herritar horien hizkuntzetan, kanpainaren berri emateko. Bisitariek telefonoetan erabili ahal izateko hiztegi laburra ere biltzen du, besteak beste. 

Merkataritzan, ostalaritzan eta zerbitzu sektorean zerbitzua euskaraz emateko baliabideak

UEMAko kide diren udalerrietako merkatariei, bestalde, esku-orri bat bidali zaie aurten ere. Zerbitzua euskaraz ematearen garrantzia azaltzearekin batera, horretarako baliabideak ere eskaintzen zaizkie: kartelak, menuak eta gainerakoak euskaraz jartzeko itzulpen eta diseinu zerbitzua, euskarazko musika zerrendak, online hiztegiak eta abar.

Bideoak

Hemen bideo orokorra eta hemen gehigarriak