Udalerria etxebizitza-merkatuaren gune tentsionatu izendatzeko prozesua bultzatu du Udalak
2026ko martxoaren 27aAtzo ospatutako osoko bilkuran etxebizitzarako sarbidea erraztera bideratutako espedientea aztertu zen; espedienteak diagnostikoa, memoria justifikatiboa eta ekintza-plana jasotzen ditu. Ekimenak alokairuaren prezioen igoera eta ohiko bizilekurako etxebizitza eskasiari erantzuten dio.
Debako Udalak etxebizitza-arloan lanean jarraitzen du, udalerriaren eta herritarren errealitatera egokitutako irtenbide egokiak bilatu eta garatzeko helburuarekin. Testuinguru horretan, azken hilabeteotan udalerria etxebizitza merkatu tentsionatuko gune izendatzeko eskaera Eusko Jaurlaritzari aurkezteko beharrezko izapideak prestatu ditu. Izendapen hori Estatuko Etxebizitza Legean jasotako figura da, etxebizitza eskuratzea bereziki zaila den eremuetarako.
Horretarako beharrezkoa den espedientea atzo, martxoak 26, ospatutako osoko bilkuran aztertu zen. Dokumentuak etxebizitza-egoeraren diagnostiko sakona, justifikazio-memoria eta Deban etxebizitza eskuratzeko baldintzak hobetzeko hiru urterako ekintza-plana jasotzen ditu, Udalak diseinatutako neurri zehatzekin.
“Hasieratik argi izan dugu etxebizitzarako sarbidea Debaren erronka nagusietako bat dela, eta lehentasuna udal gobernu honentzat. Herritarrekiko dugun konpromisoa beti izan da erantzukizunez, plangintzaz eta zorrotz jokatzea”, - adierazi du Alazne Txurruka alkateak.
Zer esan nahi du gune tentsionatu izendatzeak?
Gune tentsionatu izendatzeak administrazio publikoei aukera ematen die etxebizitza merkatuan modu aktiboagoan esku hartzeko, bereziki alokairuaren arloan, zenbait adierazle objektibo betetzen direnean. Horien artean daude prezioen igoera nabarmena bizi-kostuaren gainetik, etxebizitza ordaintzeko etxeek egin behar duten ahalegin ekonomiko handiegia eta eskaintzaren eta eskariaren arteko desoreka.
Egindako azterketaren arabera, Deban alokairu merkatuan presioa handitzen ari da: prezioak igotzen ari dira eta ohiko bizilekurako etxebizitza eskasia dago. Egoera horrek bereziki zailtzen du gazteen emantzipazioa eta herritarren sektore zabalek etxebizitza lortzea.
Tokiko etxebizitza-egoeraren azterketa integrala
Eskaera babesteko egindako azterlanak udalerriko etxebizitza-merkatuan eragina duten demografia-, gizarte- eta hirigintza-faktoreak aztertzen ditu. Azpimarratzekoak dira, besteak beste, biztanleriaren zahartzea, gazteen emantzipazio-tasa baxua, adineko biztanleriaren etorrera, bigarren egoitzen eta ohiko bizileku ez diren etxebizitzen pisu handia, eta alokairu eskuragarriaren eskasia.
Faktore horien ondorioz, Deban modu egonkorrean bizitzeko asmoa duten pertsonek zailtasun handiak dituzte etxebizitza eskuratzeko, batez ere herriguneetan.
Datozen hiru urteetarako ekintza-plana
Eusko Jaurlaritzari aurkeztutako eskaerak ekintza-plan egituratu bat jasotzen du, izendapena lortuz gero Udalak martxan jartzea aurreikusten dituen neurriak biltzen dituena. Helburu nagusia da etxebizitza eskuragarriaren eskaintza handitzea eta merkatura sartzeko baldintza orekatuagoak bermatzea.
Plana hainbat arlotan antolatzen da:
Etxebizitza publikoaren eta alokairu eskuragarriaren sustapena.
Hutsik dauden edo gutxi erabilitako etxebizitzak merkatura bideratzea.
Dagoen etxebizitza-parkea birgaitzea.
Hirigintza-plangintza hobetzea.
Etxebizitza eskuratzeko zailtasun handienak dituzten kolektiboei laguntza ematea.
Etxebizitza arloko erakundeen arteko koordinazioa indartzea.
Era berean, alokairuaren aldeko apustua egingo da eta jarduketak udalerriaren gune eta egoera desberdinetara egokituko dira, besteak beste Debako herrigunera, Itziarrera eta landa eta kostaldeko guneetara.
Plangintzaz eta doitasunez landutako prozesua
Txostena prestatzeko etxebizitza-egoeraren azterketa sakona egin da, neurri zehatzak definitu dira eta eskumena duten administrazioekin koordinazio estuan lan egin da. Lan hau gobernu-taldeak 2025eko maiatzeko udal osoko bilkuran adierazi eta berretsitako konpromisoaren ondorio da. Orduan azpimarratu zen Deba merkatu tentsionatuko gune izendatzeko prozesua plangintza egokiarekin, azterketa zorrotzarekin eta erantzukizun instituzionalarekin landu behar zela.
Konpromiso hori betetzeko, Udalak prozesu egituratu bat garatu du azken hilabeteetan, azterlan espezifikoak, justifikazio-memoria eta udalerriaren errealitatera egokitutako hiru urterako ekintza-plan bat barne.
“Gaur egun esan dezakegu gure hitza bete dugula. Hilabete hauetan txosten errealista bat prestatu dugu, Debaren errealitateari egokitua eta gure auzokideek etxebizitza duina lortu eta hemen beren bizitza proiektua garatzeko irtenbide eraginkorrak eskaintzeko pentsatua. Hori da helburua eta hori da gure erantzukizuna”, adierazi du Alazne Txurruka alkateak.
“Gune tentsionatua onartzen bada, Eusko Jaurlaritzari egokituko zaio eta hasierako iraupena hiru urtekoa izango da; denbora horretan Ekintza Planak aurreikusi dituen jarduerak aplikatuko dira eta emaitzak baloratuko dira.
“Jarraituko dugu determinazioz, erakunde arteko lankidetzaz eta ikuspegi onez lanean, Deba belaunaldi guztientzat bizi-leku atsegina izan dadin, bereziki gazteentzat eta beren herrian bizitzen jarraitu nahi dutenentzat”, amaitu du alkateak.