Zerbitzu publikoen kalitatea mantentzearen aldeko apustua egin du Debako udal gobernuak 2026ko ordenantza fiskalei begira

2025ko urriaren 14aZerbitzu publikoen kalitatea mantentzearen aldeko apustua egin du Debako udal gobernuak 2026ko ordenantza fiskalei begira

Gobernu-taldeak aurkeztutako proposamenak KPIren igoerara egokitzen ditu zerga eta tasa gehiengoak, hau da, % 2,8ko igoerara, udal-zerbitzuen iraunkortasuna eta eraginkortasuna bermatzeko. Hala ere, badira salbuespen batzuk tasa batzuetan, hala nola kiroldegian, TAOn edo hondakinen kudeaketan. Horientzako % 5eko igoera proposatzen da, arau-aldaketetan, espazio publikoaren berrantolaketan edo egiturazko kostuen eguneratzean oinarrituta.

Debako udal gobernu taldeak 2026ko ekitaldirako ordenantza fiskalen proposamena aurkeztu du gaur; proposamen hori, baina, urriaren 30eko osoko bilkuran eztabaidatu eta bozkatuko da. Gobernuak proposatutako eguneratzearen helburu nagusia argia da: kostuek oro har gora egiten jarraitzen duten testuinguru honetan, herritarrei eskaintzen zaizkien udal-zerbitzuen kalitatea mantentzea eta indartzea.

Horri jarraiki, proposamenak tasa eta prezio publikoen % 2,8ko eguneratze orokorra planteatzen du, Kontsumoko Prezioen Indizeari (KPI) dagokiona. Neurri honen helburua da zerbitzu publikoen iraunkortasun ekonomikoa bermatzea, haien irismena, eraginkortasuna eta kalitatea arriskuan jarri gabe. Udalak gogorarazi du, azken ekitaldietako egoera ekonomikoa eta inflazio-presioa gorabehera, Debak zerbitzu-sare sendo, irisgarri eta eraginkor bat mantendu duela herritar guztientzat.

“Eguneratze hori udal gobernuak kalitatezko eta hurbileko zerbitzu publikoekiko duen konpromisoari dagokio. Ordenantzak KPIra egokitzea beharrezkoa da zerbitzuak kaudimenez eta erantzukizunez eskaintzen jarraitzeko", adierazi du gobernu taldeak.

Salbuespenak espazioaren berrantolaketan, kostuak eguneratzean eta araudia egokitzean oinarrituta

Eguneratze orokorraz gain, berdin mantenduko dira, hau da, ez dute inolako igoerarik izango hondartzari lotutako zerbitzuek, aurten Foru Aldundiarekin lortutako akordio historikoari esker. Akordio horren bidez, Debako Udalak dirulaguntza bat jasoko du gastu horien zati handi bat estaltzeko. Horrez gain, TAOko txartelen prezioak edota Aldats eta Itziarko frontoien alokairuek ere ez duute igoerarik izango. 

Era berean, ordenantzen zirriborroak zenbait aldaketa zehatz jasotzen ditu, % 5eko igoerarekin, egitura-aldaketetan, espazio publikoaren berrantolaketan edo indarrean dagoen araudia betetzean oinarrituta. 

  • TAO – Aparkaleku arautua: Gudarien plaza oinezkoentzako gune bihurtuko da. Beraz, gune horrek TAO gune izateari utziko dio eta horrenbestez doako 30 minutuak kenduko dira. Era berean, bigarren, hirugarren eta laugarren guneetako tarifari % 5eko igoera aplikatzea proposatzen da, soilik uda garaian; horrek, orduko 0,10 zentimoko igoera suposatuko du. 

  • Hiri hondakinen kudeaketa: Debabarreneko Mankomunitateak proposatutako tarifen eguneraketarekin bat etorriz, hondakinen bilketa eta tratamendu tasa % 5 igotzea planteatzen da, zerbitzuaren garestitzearen adierazle.

  • Kirol instalazioak – Kiroldegia: Azken urte honetan kiroldegiaren zerbitzurako kontratu berri bat sinatu da eta hobekuntza ugari eta ikastaro berriak jaso dira horren baitan, udalerriko kirol eskaintzaren kalitatea nabarmen hobetuz. Horregatik, proposamenak tarifen % 5eko igoera jasotzen du, diru-sarreren eta gastuen arteko defizita murrizteko helburuarekin, betiere herritar guztientzako zerbitzuak irisgarria izaten jarraitzen duela bermatuz. 

  • Uda Kirola: % 8ko eguneratzea proposatzen da, urteetan izoztutako prezioak berrikusteko eta zerbitzua ABEE kudeatzaile berri batera egokitzeko beharrak justifikatuta.

  • Gizarte-zerbitzuak: % 5eko igoera aurreikusten da, bai tabernako prezioetan, bai eskantzen diren zerbitzuetan ere (ile-apainketa, podologia, etab.), betiere gizarte-arretaren eta adinekoei laguntzeko esparruaren baitan.