Zubelzu zinemaren erosketa onartu du Debako Udalak, udalerrirako kultur gune berri bihurtzeko

2025ko urriaren 31aZubelzu zinemaren erosketa onartu du Debako Udalak, udalerrirako kultur gune berri bihurtzeko

Erosketaren onarpena aurrera atera zen EAJ-PNV eta Orain Debaren aldeko botoekin eta alkatearen kalitatezko botoarekin; EH Bilduk kontra bozkatu zuen. Udal Gobernuak Eusko Jaurlaritzaren %96,5eko dirulaguntzarekin finantzatuko du erosketa, ZAP funtsen bidez. Era berean, udalbatzak 2026rako ordenantza fiskalak onartu ditu, zerbitzu publikoen iraunkortasuna bermatzeko.

Debako Udaleko Osoko Bilkurak Zubelzu zinemaren erosketa onartu zuen atzo arratsaldean, Bozketan, EAJ-PNVk eta Orain Debak erosketaren alde bozkatu zuten, alkatearen kalitatezko botoarekin; EH Bilduk aldiz, kontrako botoa eman zion erosketari. 

Proiektu hau udalerriaren kultur garapenerako funtsezko proiektua da eta erosketak Eusko Jaurlaritzaren % 96,5eko dirulaguntza izango du ZAP Funtsen bidez. Hala, erosketa honen bitartez, Udalak aurrerapauso historiko bat emango du kultura-espazio berri bat sortzeko, herritarrek eta tokiko kultura-eragileek urteetan zehar egindako eskariari erantzuna emanez. 

Gobernu taldeak Zubelzu zinema erosteko beharrezkoak diren baliabideak ziurtatzea lortu du eta inbertsio horri esker, Zubelzu kultur ekipamendu garrantzitsu bihurtuko da debar guztien gozamenerako. Erosketa horrek 1.100.000 euroko inbertsioa dakar, eta horietatik % 3,5a (38.000 euro) Udalak hartuko du bere gain. Gainerakoa ZAP funtsek estaliko dute, hau da, 1.062.000 euro. Hasiera batean, ZAP funtsek Debarako dirulaguntzarik aurreikusten ez zuten arren, laguntza lerro hori, udal gobernuak egindako lanari esker lortu du Debak. 

Alazne Txurruka alkateak nabarmendu zuenez, proiektuak ez die interes politiko eta alderdikoiei erantzuten, herriak eta herritarrek eskatu duten behar historiko bati baizik. "Zubelzu erreferente kulturala izango da Debarentzat, debar guztientzako gunea, non jarduera artistiko, kultural eta komunitarioak egin ahal izango diren", adierazi du.

Erabaki honek udalerriarentzat duen eragina positiboa den arren, gai-zerrendako puntu honek iritzi eztabaidagarriak sortu ditu EH Bilduren eta gobernu taldearen artean. Zubelzu zinema erosteko udal gobernuak egin eta eskatutako dokumentu, memoria zein txosten tekniko guztien azterketa xehatua egin ondoren, Gilen Garcia EH Bilduko bozeramailea prozeduraren aurka agertu zen, "EH Bilduren ustetan, prozedura ez da ondo bete eta ez da gardentasuna bermatu. Udal gobernuak ez du lankidetzarako borondaterik agertu ezta gurekin informazioa partekatzeko ere“. Hitz horien ostean, EH Bilduk erabakia atzeratzeko eskaera egin zuen. 

Horren harira, alkateak erantzuna eman zion azken asteotan herriko sektore batzuetatik eta oposiziotik bertatik sortutako eztabaida eta desinformazioa aipatuz. "Pena handiz hartzen dut Debarentzat hain onuragarria den proiektu bat, debarrek hain beharrezkoa eta espero duten proiektu bat, informazio oker eta manipulatuarekin desitxuratzen saiatu izana, zertarako eta bizilagunak nahasteko baino ez", adierazi du. "Zubelzu zinema erostea, zalantzarik gabe, albiste bikaina da udalerriarentzat, eta ez dago atzera bueltarik".

2026rako ordenantza fiskalen onarpena

Osoko bilkura berean, 2026rako ordenantza fiskalak ere onartu dira. Ordenantza horietan tasen eta prezio publikoen % 2,8ko igoera orokorra jasotzen da, KPIaren indizeari jarraituz. Inflazioak eragindako kostuak handitzen jarraitzen duten testuinguru honetan, neurri horren helburua da herritarrei ematen zaizkien zerbitzu publikoen iraunkortasuna eta kalitatea bermatzea. 

Proposamena gobernu-taldeak aurkeztu du, eta herritar guztientzako zerbitzuen eskuragarritasunari heltzen dio, zerga eta tasen igoerak herritarrei gehiegizko presio fiskala eragin gabe. Salbuespenen artean, % 5eko igoera izango da aparkaleku arautuan (TAO), hiri-hondakinen kudeaketan eta kirol-instalazioetan, espazioen berrantolaketaren eta egiturazko kostuen eguneratzearen ondorioz. Gainera, "Uda Kirola" ren jarduerak % 8 igoko da, urteetan aldaketarik izan ez duelako, berrikusi behar delako eta progresiboki kostearen estalduraren parte bat hartzea delako asmoa. 

Jon Riaño zinegotziak osoko bilkuran azaldu zuenez, "helburua da zerbitzu publikoak iraunkorrak eta kalitatezkoak izaten jarraitzea bermatzea, herritarren ahalmen ekonomikoa arriskuan jarri gabe". Ordenantza fiskalak aurrera atera ziren EAJ-PNV eta Orain Debaren aldeko botoekin. EH Bildu abstenitu egin zen.