2025eko uda sasoirako toldoak esleitzeko prozesua abiarazi du Debako Udalak
2025ko maiatzaren 30a2024an zozketa bidez esleipendun izan zirenek iazko toldo berdina mantenduko dute; horretarako ezinbestekoa izango da dagokion tarifa ordaintzea ekainaren 8a baino lehen. Iaz ordezkoen zerrendan zeudenak bertan mantenduko dira aurten ere eta toldoren bat hutsik geratuz gero, itxaron zerrendaren ordena errespetatuz esleituko dira; hala ere, zerrenda horretako pertsona batzuei zuzenean esleitu zaie olana, libre zeudelako. Era berean, zozketan parte hartu ez zutenek Udalak prozesuaren bigarren fasean herritarren eskura jarriko dituen toldo gehigarriak alokatzeko aukera izango dute.
Debako Udalak martxan jarri du jada 2025eko uda sasoirako hondartzan toldoak esleitzeko prozesua. Iazkoarekin alderatuta, aurten ez da zozketarik egingo; esleipena, beraz, 2024an egindako zozketaren emaitzetan oinarrituko da.
Hala, iaz zozketa bidez toldoa lortu eta denboraldi osoan alokatu zuten pertsonak, edo itxaron-zerrendatik lortu zutenek, A zerrenda deituriko zerrendan sartu dira. Pertsona horiek toldo berdina erabili ahal izango dute uda honetan, betiere dagokion tarifa ekainaren 8a baino lehen ordaintzen badute. Behin-behineko zerrenda dagoeneko argitaratuta dago udalaren webgunean eta udaletxeko iragarki-taulan, eta alegazioak ekainaren 2ra bitarte onartuko dira. Behin betiko zerrenda ekainaren 3an argitaratuko da. Horri lotuta, 2024an itxaron-zerrendan zeuden pertsona batzuei zuzenean esleitu zaie aurten toldoa libre zeudelako, betiere itxaron zerrendaren ordenari jarraituz; pertsona horiek horiz markatuta daude A zerrendaren baitan.
Zerrenda horretako pertsonaren batek ordainketa epe barruan egiten ez badu, toldo hori hutsik geratuko da eta itxaron-zerrendan (B ZERRENDA) dauden pertsonei esleituko zaie. Itxaron zerrenda ere argitaratu da, eta bajen arabera eguneratuko da, betiere lehentasun-ordena errespetatuz. Toldoa esleitu zaien itxaron-zerrendako pertsonek ekainaren 10etik 15era bitartean egin beharko dute ordainketa.
Onartutako desgaitasunen bat izateagatik toldo egokituak izan zituzten pertsonei dagokienez, hauek ere iazko toldo berdina mantendu ahal izango dute, betiere ordainketa epe barruan egiten badute. Toldo egokitua behar duten eta eskatutako ziurtagiri ofiziala ez duten pertsonek bigarren fasean eskatu beharko dute, dokumentazio medikoa berriro aurkeztuz.
Toldoen zerbitzua ekainaren 14tik irailaren 14ra egongo da eskuragarri, eta alokairurako ezarritako prezioak honako hauek dira:
- Toldoa lehen ilaran: 245 €
- Toldo abigarren ilaran eta toldo egokitua: 220 €
(Aurten ez da fidantzarik ordaindu beharko)
Ordainketak banku-transferentzia bidez egin beharko dira, ES44 2095 0043 1091 2555 3561 kontu-zenbakira, eta ordainagiria debahondartzazerbitzua@gmail.com helbide elektronikora bidali beharko da, izen osoa eta esleitutako toldo zenbakia adierazita.
Bigarren fasea, ekainaren 16tik aurrera
Bigarren fasean, ekainaren 16tik aurrera, Udalak hainbat toldo gehigarri jarriko ditu herritarren eskura denboraldi osoko, hileko, asteko edo eguneko alokairuetarako. Erreserba horiek hondartzako kabinetan kudeatuko dira zuzenean. Modalitate honetarako prezioak honako hauek izango dira:
- Hilabeteko: 130 €
- Asteko: 70 €
- Eguneko: 20 €
Debako Udalak gogorarazi du ez dagoela baimenduta toldoak trukatzea, eta zerbitzua onartzeak arauak betetzea dakarrela. Arauak aldageletan aulkiak jasotzean jakinaraziko dira.
KONTSULTATU A ZERRENDA HEMEN
KONTSULTATU B ZERRENDA HEMEN
PROZESUAREN NONDIK-NORAKOAK