Eguraldi ederrarekin ospatu da Diego Sagredo Fundazioak, Haitz-Haundi Elkarteak eta Udalak elkarlanean antolatutako XLV. Kaleko margo sariketa. Debako txoko ezberdinak islatzen dituzten 27 artelanek parte hartu dute lehiaketan eta 8 izan dira sarituak. Lanak erakusgai eta salgai egongo dira irailaren 14tik 21era Agirre Jauregian.
Aurten ere, aurreko urteetan bezala, Burdin Kurutz Mendi Taldeak eta Luzaro ikastetxeak 2014-2015 ikasturterako ikasleen Mendi Irteera Egutegia eskaini dute. Igande honetan, hilaren 21ean, emango diote hasiera ikasturteko mendi ibilbideei Ondarru-Mutriku-Deba goiz pasarekin.
2014-2015 ikasturterako marrazki eta margo ikastaroak prestatzen hasi dira Debako Haitz-Haundi Elkarteko kideak. Ikastaro hauek gazteei zein helduei zuzenduak egongo dira eta interesatuek urrian izango dute izena emateko aukera.
Euskal Jaiaren 50. urtemuga gogora ekarri eta ospatzeko, jaiaren historia biltzen duen liburua argitaratu du Udalak eta Euskal Jaiaren bidez Euskal Herriko kulturari ekarpena egin zioten debarrei errekonozimendu bat egingo diete. Egitarau oparoa antolatu da horretarako irailean zehar.
Hemendik aurrera Itziartik Debara datozen guztiei Debako hondartzara heltzean olatu handi batek emango die ongi etorria . Hondartza ingurua txukundu nahian udalak Miramar eraikineko fatxadan mural handi bat margotzea erabaki zuen. Arte Factory enpresako gazteek izan dute lanaren ardura eta Udalak eskatu bezala Debako hondartzan surfean dabilen emakume surflari bat irudikatu dute.
Autobus-zerbitzua hobetzeko prozesuaren emaitzak aurkezteko bilera deia luzatu du Gipuzkoako Foru Aldundiak. Gure eskualdeko bilera urriaren 16an izango da, Eibarko Udaletxean, arratsaldeko 18:30etan.
Martxan dira, jada, AISIALDI BERRIAren barruan eskainitako jarduerak. Zapatu honetan hasi zen helduentzako antzerki ikastaroa, abendura arte iraungo duena. Aste honetatik aurrera, berriz, martxan izango dira maiatzera arte, gaztetxoek osatutako taldeak: antzerki eskolan, talde 1; sukaldaritzan, 2; Kuadrillategin 3. Guztira, 80 bat neska-mutil jarduera arras desberdinetan, helburu bakarrarekin: gozatzea. Informazio gehiagorako deitu telefono hauetakoren batera: 943.60.80.48 / 688.66.37.44
Aurreko ostiralean Debako Udalak, Arau Subsidiarioetan Osioko auzoari dagokion aldaketa puntuala egiteko proiektuaren zirriborroa aurkeztu zuen.
Behin behinekoz onartu ondoren eta aurkeztutako alegazioak ebatzi ondoren, Udalba tzak, 2014ko urriaren 9an eginiko bilkuran behin-betikoz onartu zuen behe solairu, solairuarte eta sotoetako, etxebizitza, garaje eta tertziarioen Ordenantza.
Datorren asteartean, azaroak 4, Deban enplegu zentro bat irekiko da Berasaluze plazan kokatua dagoen Gizarte Zerbitzu departamenduan.
Hainbat jarduera jasotzen ditu dagoeneko kaleratutako udazkeneko Kultur Gida 2014. Azaroaren 22an Santa Zezilia eguna ospatuko dugu eta herriko taldeek musikaz beteko dituzte gure kale eta txokoak. Abenduan bertso saio aparta izango da Aldats pilotalekuan, animazioaren mundura ere hurbilduko gara Anima Deba zinemaldiari esker eta Gabonetan gure ohiturak jarraituz urte zaharrari agurra eta berriari ongi etorria egingo diogu. Ondo pasa!
Urteko garai honetan seme-alabei edo ingurukoei euskarazko liburuak, musika edota jokoak erosi eta oparitzeko aukera paregabea izaten dela kontuan hartuz, Euskarazko Produktuen Katalogoaren edizio berria osatu dute Euskal Herriko 100 bat udal eta mankomunitatetako Euskara Zerbitzuk.
“Indarkeria Matxista” emakumeen eta gizonen artean dagoen berdintasun ezaren adierazpen larriena da eta munduko toki guztietan gerta daiteke, adin eta maila sozial guztietan, baita kultur agerraldi guztietan ere (telebista, zinea, festak, literatura…). Urtero moduan, udaleko berdintasun sailak azaroaren 25aren “Emakumeenganako indarkeriaren aurkako nazioarteko egunaren” inguruan hainbat ekimen antolatu ditu eta herritarrei ekintzetan parte hartzera ANIMATU nahi diegu.
Aurten ere Animadeba 2014 Debako VII. Animazio Zinemaldia ospatuko dugu abenduaren 26tik 30era. Juanba Berasategi animazio zuzendariak emango dio hasiera zinemaldiari abenduaren 26an. Helduentzako nahiz umeentzako filmak izango dira ikusgai, besteak beste, El Viento Se Levanta Hayao Miyazaki japoniarrarena eta Hair High Bill Plympton Estatu Batuarrarena. Laburmetraia emanaldiari dagokionez, Nontzefilmak 2014 eta Kimuak 2014ko animazio lanak proiektatuko dira. Baina zineaz gain, Imanol Luñoren magia emanaldia eta Doctor Deseoren kontzertu akustikoa izango dira ikusgai.
Abenduaren 14ko Ibilketa Nordikoaren hastapen ikastaroan “EKIN, kirola eta bizitza aktiboa”ren eskutik Andoni Urkiolak gidatu zuen saioa. 20 partehartzaile izan ziren eta jarduera ikasten goiza ederki pasa pasa genuen. Ibilketa Nordikoaren nondik norakoak azaldu ondoren bi bastoiekin ibiltzen ikasteko hainbat ariketa landu eta ordubeteko ibilketa burutu genuen hondartza, kaia eta paduratik barrena. Jarduerari jarraikortasuna ematearren, astean zehar ordubeteko ibilketak egiten hasiak gara iluntzeko zortziretatik aurrera. Hurrengo ikastaro aurreratua abenduak 28an egingo dugu. Animatu etorri proba egitera.
Aurten abenduaren 31n Debako VI San Silbestre lasterketa izango dugu. 11:15ean umetxoak 200metroko ibilbidea egingo dute. 11:30ean berriz, 400metroko ibilbidea egingo duten gaztetxoak izango ditugu eta ondoren 12:00etan 5,3kmko laisterkaldia izango dugu. Lasterketan parte hartu nahi dutenek turismo bulegoan izena eman beharko dute abenduaren 30a baino lehen. (16 urtetik gorakoak 5€ ordaindu beharko dute. )
Guztira 110 postu izan ziren urtarrilaren 3an ospatutako Urte Berriko Ferian. 19 baserrik hartu zuten parte barazki eta fruta lehiaketan, 14 gaztaegile gazta lehiaketan eta 8 erlezain aurkeztu ziren ezti lehiaketara.
Urtarrilaren 1ean hasi eta urtarrilaren 7a bitartean 20 idi pare izan ditugu Urte Berriko Idi Probetan. Idi parerik onena Zaldibiko Gaztelu Iturgintza izan da, baina orokorrean maila bikaina erakutsi dute idi pare guztiek, marka handiak lortuz. Ohi bezala, zaletu ugari hurbildu da Debako Euskal Jolas probalekura eta giro aparta izan da.
Zenbat aldiz gertatzen zaigu elkarrizketa bat euskaraz egin nahi izatea eta gazteleraz bukatu behar izatea? Eta, alderantziz, norbaitekin gazteleraz hasi eta gero ohartzea besteak euskaraz badakiela? Zergatik sentitzen gara deseroso horrelakoetan? Nola konpondu ahal ditugu egoera horiek? Nola lortu kasu horietan euskaraz aritzea, eroso sentituta eta naturaltasunez jokatuta?TELP (Taller d’espai lingüistic personal) tailerrean egoera horietan nola jokatzen dugun aztertuko dugu, eta nola egin dezakegun ikasiko. Euskaraz modu erosoan aritzea gure esku dago.
Elorriagako Jai batzordeak antolaturik aurtengo San Sebastian jaiak hilaren 16an hasiko dira eta urtarrilaren 20ra arte iraungo dute. Mus txapelketa, tortila patata lehiaketa, ume jolasak, giza-proba, bertso bazkaria, idi probak eta noski Gorriti bere animaliekin ere izango dugu.