Albisteak


Egungo egoerari erantzuteko aurrekontuak onartu ditu Debako udalbatzak
Apirilaren 30ean, telematikoki egindako osoko bilkuran onartu ditu 2020rako aurrekontuak Debako udalak. COVID-19ak eragindako egoerara moldatutako aurrekontuak dira; pandemiak egoera zaurgarrian eta laguntza beharrean utziko dituen herritarren zama arintzeko bideratuko dira indarrak. EH Bildu eta EAJ-PNVren aldeko botoekin eta Debarren Ahotsaren abstentzioarekin onartu dira. Modu telematikoan egindako osoko bilkuran landutako gainontzeko gai guztiak gehiengo osoz onartu dira.

Herriko komertzio txikiak laguntzera 20.000 euro bideratuko ditu Debako udalak
Debako udalak erosketa bonuen bitartez herriko merkataritza, ostalaritza edo zerbitzu sektoreko establezimenduak lagunduko ditu, Magnet Kooperatibak bultzaturiko www.kuttuna.org webguneak martxan jarritako irabazi asmorik gabeko egitasmoaren bitartez. Udalak 20.000 euroko hasierako diru poltsa jarriko du eta horri esker, gutxienez, 100.000 euro iritsiko dira aipatutako negozioetara.

Egungo egoerara moldatutako aurrekontu proposamena landuko da ohiko osoko bilkuran
COVID19 birusak eragindako osasun alarma egoeragatik Debako udalak ezin izan zituen 2020rako aurrekontuak aurreikusitako epean onartu. Gaur, apirilaren 30ean, modu telematikoan egingo den ohiko osoko bilkuran landuko den gaietako bat izango da aurrekontuena. Eta, aurreikusita zegoen bezala onartu beharrean, egoera berri eta berezi honetara egokitzea, doitzea erabaki da.

Deba eta Mutriku lotzen dituen zubiaren lanak hasiko dira
Bi herrietako herritarrek aspaldi espero zuten albiste bat emateko moduan egongo gara laster. Izan ere, gure bi herriak lotzen dituen zubiaren konpontze lanak abiatzeko azken tramite administratiboak abiatu dira.

Liburuen mailegu zerbitzua martxan jarriko da Ostolaza udal liburutegian
Apirilaren 27tik aurrera, irakurzaletasuna sustatzeko eta irakurleak diren herritarrei liburuak eskuragarri jartzeko, Udalak eta Ostolaza udal liburutegiak, liburutegiko liburuen mailegu zerbitzua jarriko du martxan. Horrela, norbaitek libururen bat etxean irakurri edo pelikularen bat ikusi nahi badu, liburutegira deitu eta etxean jaso ahal izango ditu, beti ere segurtasun neurri guztiak betez (langileek eskularruak eta maskarila erabiliko dituzte eta ahal den guztietan zuzeneko kontaktua saihestuko dute).

Debako udala plana lantzen ari da egoera bere onera bueltatzen denerako
Orain bizitzen ari garen osasun alarma egoerak, epe laburrean eragiteaz gain, epe ertain, eta ziurrenik luzean ere, eragina izango du, adituek esan dutenez. Gilen Garcia alkateak orain egun batzuk adierazi bezala, Debako udala lanean ari da aurrera begira, ahal den neurrian ondorioak aurreikusten eta herritarrengan egoera honek izango duen eragin kaltegarria zein neurrietan arindu dezakeen aztertzen. Udala osatzen duten beste alderdiekin elkarlanean, neurri ekonomikoak lantzen ari da, besteak beste, udal aurrekontua doitzea.

Alarma egoeraren hilabetea beteta, aurrera begira jartzeko garaia heldu da
Aste honetan hilabete bete da covid-19 birusak eraginda alarma egoera ezarri zenetik. Lehen mailako osasun premiak erantzuteko neurriak hartzea izan zen udalaren lehen egitekoa. Hilabete igarota, baina, sortuko den egoera berriari begiratzen hasteko une heldu da. Hori horrela, Gilen Garcia alkatea herriko eragileen beharrak eta nahiak jasotzeko erronda egiten ari da. Halaber, ekonomian izango duen eragina arintzeko ere zein neurri har ditzaken udalak aztertzen ari da udal gobernua.

Etxegabeak hartzeko aterpetxea egokitu da
Osasun alarma egoera honek are egoera zaurgarriagoan utzi ditu kalean bizi diren pertsonak. Hori aintzat hartuta, eskualdeko alkateen artean hitz egin ondoren, Debako udalak erromesen aterpetxea egokitu du egoera honetan dauden pertsonak hartzeko. Une honetan bi pertsona daude bertan eta oinarrizko arreta zerbitzua Debako Gizarte Zerbitzuen bitartez jasotzen dute.

65 urtetik gorako herritarren beharrak ezagutzeko telefono deiak egin dizkiegu
65 urtetik gorako herritarrei telefono deiak egin zaizkie haien egoeraren berri izan eta behar duten laguntza eskaintzeko. Bi adin-tarte bereizi dira deiak egiteko orduan, pertsonen beharrak ere desberdinak izango direla kontuan hartuz; 65 eta 77 urte bitarteko herritar taldeari dagokionez, 835 herritar daude adin-tarte honetan. Ia denek jakinarazi dute ez dutela laguntzarik behar. 287 dira, berriz, 77 urtetik gorakoak. Horietatik 137ri egiten zaio jarraipen zuzena, haiek hala eskatuta. Guztiek eskertu dute udaletik deitu izana.

Egin errenta aitorpena euskaraz
Aurrez aurreko hitzorduak bertan behera geratu baldin badira ere alarma egoeraren eta osasun larrialdiaren ondorioz, beste modu batzuetan bada ere, aurten ere errenta aitorpena egin beharko dugu. Debako udalak, UEMAren kanpainarekin bat egin du eta herritarrak aitorpena euskaraz egitera gonbidatu nahi zaituzte. Iaz, Deban, ia 700 lagunek egin zuten errenta aitorpena euskaraz. Euskarak, administrazio publikoan ere dagokion lekua izan dezan bultzatu nahi da.

Udal buletin digitala egingo du Debako udalak
Asteroko maiztasunarekin buletin digitala argitaratzen hasiko da Debako udala. Udal gobernuaren jardunaren oinarri garrantzitsuak dira herritarrekiko komunikazioa eta gardentasuna. Horregatik handituko du herritarrekiko informazio jarioa. Aste honetatik aurrera, beraz, ostiralero udal buletina bidaliko die emailez horrela eskatzen duten herritarrei.

Debako KZguneak egungo egoerara moldatu du zerbitzua
Debako KZguneak, koronabirusak eragindako egoeraren ondorioz egoitza itxita duen bitartean, telefonoz eta posta elektronikoz laguntza eskaintzen du zalantza teknologikoak argitzeko. Hainbat arlotan ari dira lanean, eta hau, herritarrei helarazi nahi dizueten mezua:

Altzari eta hondakin handien bilketa etenda dago
Osasun alarma egoera arlo guztietan izaten ari da eragina. Hondakinen bilketan ere, aldaketak egin behar izan ditu Debabarreneko Mankomunitateak.

Zergen ordainketa epeak malgutu egingo ditu Debako udalak
COVID19 birusak sortu duen egoera dela eta, Debako udalak, herritarrek ahalik eta kalterik txikiena jasan dezaten, zergen kobraketak malgutu egingo ditu, epeak luzatzen eta erraztasunak eskaintzen. Herritarrei bezala, ostalariei ere lagunduko zaie.

Kaleak desinfektatzeko lanak egiten ari dira
Martxoaren 21az geroztik, eta covid-19 birusaren hedapena murrizteko neurri bezala, kale garbiketa indartu egin da Debako udalerrian, eta desinfekzio lanak egiten ari dira. Udal brigadako langile batek (txandaka) egin ditu desinfekzio-lanak egunotan, lehentasunezko lekuetan: barandak, igogailuak... Une honetan, baina, udal-brigadako langile guztiak ari dira desinfekzio-lanak egiten, udalerri osoan.

Deba-Itziarko herri zaintza sare komunitarioak 60 laguntzaile baino gehiago ditu jada
Debarrak prestutasun handia erakusten ari dira auzokoak zaintzeko unean. Elkar laguntzeko beharra dago larrialdi egoera honetan. Egun bakarrean 60 pertsonek baino gehiagoeman dute izena Deba-Itziarko zaintza sare komunitarioan boluntario bezala aritzeko.

Itziarko osasun kontsultategia itxita egongo da
Koronabirusaren epidemiaren ondorioz arreta antolatzeko aldaketak egin behar direnez, bihartik aurrera Itziarko Kontsultategia itxita egongo da, besterik jakinarazi arte. Bestelako aldaketak ere izango dira ezarrita dagoen alarma egoeragatik. Honek iraun bitartean, epe administratiboak eten egin dira.

Neurri berriak hartu ditu Debako udalak koronabirusaren aurrean
Dendak, tabernak... ixteko gomendioa egin du eta herritarrei eskatu ahal den neurrian ez daitezela etxetik irten. Kirol eta kultura emanaldiak etenda daude eta udal-eraikinak itxita. Atzo arratsaldean jolas-parkeak ere itxi ziren birusaren hedapena gutxitzeko prebentzio neurri gisa.

Hainbat neurri hartu dira koronabirusaren aurrean
Debako udalak gaiaren jarraipena egiteko batzordea sortu du eta aldakorra denez egoera, une bakoitzak eskatzen duen neurriak hartu eta jakinaraziko ditu.

Debako euskararen historia soziala berreskuratzeko lanak jarraipena izango du
Frankismo garaira arteko historia eta testigantzak, neurri batean bederen, jaso diren arren, ez da lana amaitutzat jotzen. 2020-2022 aldian beste ikerketa-proiektu bat garatzea adostu da eta datozen urteetarako lan ildoa edo arreta, bereziki, hezkuntza sisteman jarriko da. Herritarrei, izan dezaketen informazioa martxoa amaierarako helarazteko eskaera egin nahi die udalak.

Hauteskunde-mahai batzuk lekuz aldatuko dira apirilaren 5eko hauteskundeetan
Apirilaren 5ean Eusko Legebiltzarrerako egingo diren hauteskundeetan, orain arte udaletxeko eraikinean kokatuta egon diren bi mahaiak (Bake Epaitegian eta Udaletxeko harreran) irisgarritasun arrazoiengatik Eguneko zentroko eraikinera aldatuko dira. Lekua zabalagoa da eta irisgarritasuna errazten du.

Gazteak euskararen inguruan ahalduntzeko UEMAren topaketa Debatik igaroko da
UEMAk udalerri euskaldunetako gazteentzako topaketak antolatu ditu. Ekainaren 29tik uztailaren 5era egingo dira. Aurten, Zumaiatik Lekeitiora joango dira gazteak eta Debatik pasako dira, Itziarren etenaldia eginez. Lehengo etapa Itziarren amaitu (ekainaren 29an) eta bigarrena bertatik abiatuko da (ekainaren 30ean).

Martxoaren 8ari lotutako adierazpen instituzionala onartu du udalbatzak
Otsaileko ohiko osoko bilkura egin du Debako udalbatzak hilaren 27an. Martxoaren 8an ospatzen den Emakumeen Nazioarteko Egunari lotutako adierazpen instituzionala onartu da aho batez. “Berdintasuna gizarte osoaren mezu bakar gisa aldarrikatzeko garaia” dela baieztatuz.

Apakin Guraso Taldea sortu da
Euskararen erabilera sustatzea du helburu talde sortu berriak. Honen erabilerarekiko duten kezkak eraman ditu elkartzera. Martxoaren 5ean egingo dute lehen ekimena: Batu sutondora kafe tertulia.

Debako Udalak abian jarriko du Merkataritza Berrindartzeko Udal Plan Berezia
Debako Udalak Merkataritza Berrindartzeko Udal Plan Berezia martxan jarriko du. Eusko Jaurlaritzako Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailak bultzaturiko plana da, Debalai merkatari elkartearen parte-hartze aktiboa izango duena. Gilen Garcia alkateak, Nerea Arrizabalaga zinegotziak, Aurora Amadok Debalairen izenean eta Gorka Goikoetxeak Ikertalde aholkularitzaren izenean agerraldia egin dute.

Debako alkateak bilera egin du Madrilgo Trantsizio Ekologikorako eta Erronka Demografikorako Ministerioan
Fitur turismo azokara egindako bisita baliatuz (Geoparkeko arduradun eta berau osatzen duten herrietako alkate eta turismo arduradunekin batera egindakoa), bilera eskatu zuen Debako alkateak Espainiako Gobernuko Trantsizio Ekologikorako eta Erronka Demografikorako Ministerioan. Debako itsasaldeari eragiten dioten eta Ministerioaren eskumenekoak diren hainbat gairen inguruan hitz egin zuten.

Iñigo Lopez Simonek irabazi du Tene Mujika Saria
Iñigo Lopez Simon historialari bilbotarrak irabazi du 2020ko Tene Mujika beka, Bilbon, XX. mendearen erdialdean gertatu zen txabolismoa aztertuko duen proiektu batekin.

Urteko lehen osoko bilkura egin du udalbatzak
Urtarrilaren 29an batzartu zen Debako udalbatza ohiko osoko bilkuran. Deba Musikal Patronatuan musika prestakuntza duten ordezkariak aho batez hautatu ziren.
Urtarrilaren 30erako greba deialdiarekin bat egin du Debako udal gobernuak
Herritarrei jakinarazi nahi zaie, udaleko langileek euren grebarako eskubidea egikarituz gero, zerbitzuetan eragina izan dezakeela greba deialdiak.

2020ko Begiradak ekitaldian parte hartzeko aukera zabalik dago
BEGIRADAKen zazpigarren edizioa egingo da aurten. Diziplina desberdinetako herriko hainbat sortzaile (irudigile, testugile, dantzari, antzezle, musikari...) bildu, lanean jarri eta emaitza plazan erakutsiko da, ohikoa denez.